AHO BATEZ ONARTU DU UDALAK HERRIKO APARKAMENDUA ANTOLATZEKO ORDENANTZA

2017/03/16

Ordenantza proposamena herritarrekin partekatu eta bi hilabetez oposizioarekin batzarretan landu ostean alderdi politiko guztien babesa jaso du gobernuaren egitasmoak. Era berean aurrera atera da egoiliar txartela doakoa izateko alderdi sozialistak aurkeztutako emendakin partziala. Datorren astelehenean bilera ireki batera deitu ditu Udalak herritarrak, arratsaldeko 18:30ean Alondegian, behin-behineko ordenantzaren ezaugarriak azaldu eta haien kezka edo zalantzak argitzeko

Gaur arratsaldean ospatu den ez ohiko osoko bilkuran behin-behineko onespena eman zaio, alderdi politiko guztien aldeko botoekin, herriko aparkamendua antolatzeko ordenantzari. 

Horren bitartez Udalaren nahia da herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitu eta zumaiarren artean mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatzea, horretarako, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz. Horrez gain, helburu du urte osoan zehar eta bereziki uda sasoian herriko erdigunean aparkamenduaren antolamendua zuzendu eta hobetzea eta ildo beretik, Ardantzabide auzoko aparkamenduaren egoerari ere irtenbidea ematea.   

Beraz, mugikortasuna ardatz hartuta, helburu horiek betetze aldera ekin zion Udalak aparkamenduaren gaia lantzeari. Ibilbide horretan, parte hartze prozesu handi eta zabala garatu du herritarrekin. Irailetik urtarrilera bitarte 8 bilera ireki egin ditu zumaiarrekin eta herriko ostalari zein merkatariekin, non, guztira 300 lagun baino gehiagok parte hartu duten.

Herritarren iritzi, proposamen eta ekarpenak jaso ostean, abenduan aurkeztu zuen Udalak landutako lehen zirriborroa. Ondoren, otsaila eta martxoa bitartean, alderdi politiko guztiekin garatu du gaia batzorde ezberdinetan. Horren harira, uneoro ekarpenak jaso eta akordioetara iristeko Udalak azaldutako borondatea azpimarratu du gaur alkateak. Gauzak horrela, irailean prozesua hasi zenetik gaur arte, onartu den ordenantzak 11 egokitzapen jaso dituela adierazi du.   

Eta egokitzapenen harira, gaurko osoko bilkuran aurrera atera da, PSE-EEk egoiliar txartela doakoa izateko aurkeztutako proposamena. Martxan jarriko den sistema proba pilotu bat izanik, horren emaitzak ikusi eta baloratu arte, lehen frogak doakoak izan beharko lukeela arrazoitu du ordezkari sozialistak. Halaber, EH Bilduk proposamena babestu du “guk burututako parte-hartze prozesuan herritarrengandik jasotako eskaera zuzenari erantzuten diolako” adierazi dute. Horrenbestez, proposamenak EH Bildu eta alderdi sozialistaren aldeko botoak jaso ditu. EAJ, aldiz, abstenitu egin da. “Ez zaigu zilegi iruditzen, Ardantzabideko bizilagunek egoiliar txartela jada ordaindu  dutela ikusirik, gainerakoei zerbitzu bera doan eskaintzea”, adierazi dute gobernu kideek.

Behin lehen onespena jasota, dokumentua GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) argitaratzen den unetik aurrera, ordenantzari alegazioak egiteko epea zabalduko da. Horren ostean guztiak aztertu eta behin-betiko dokumentua osatuko da.

Aipatutako ordenantza erdigunean ezarriko da, Zubitxikitik alde zaharrera doan eremuan, hain zuzen, eta indarrean egongo da hondartza denboraldiak irauten duen bitartean, ekainaren 15etik irailaren 15a bitartean, alegia. Ardantzabiden, ordea, urte osoan zehar mantenduko da. 

Dena den, azalpen horiek guztiak eman ahal izateko bilera ireki batera deitu ditu Udalak herritarrak, datorren astelehenean, hilak 20, Alondegian, arratsaldeko 18:30ean.  Bertan sistema berriaren nondik norakoak xehetasunez azaldu eta herritarren kezka eta galderei erantzungo die Udalak.

 

2018 urterako lehen urratsak

Ordenantzaz haratago, udal talde politiko guztiek 2018ra begira jarraituko diren lan ildoak definitzen dituen dokumentu bat landu eta adostu dute. Horren arabera, uda ostean sistemaren balorazioa egingo du Udalak eta hori herritarrekin partekatuko du haien esperientzia eta ekarpenak jasotzeko. Zumaiarrek adierazitakoa kontuan izanik, udal alderdi politikoekin elkarlanean, ordenantza birlantzeari ekingo dio 2018an sistema herri osora zabaltzeko proposamena osatzeko.  Halaber, herritarren artean mugikortasun ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzeko kontzientziazio kanpainak ere egingo dira. 

 

Halaber, dokumentu berean jasota gelditu da, Udalak, trafiko ordenantzaren harira, Poligonoko biztanleak babesteko adostutako neurriak.  2016ko azaroan Game of Thrones telesailaren grabaketarekin Larretxon egin bezala,  gaur onartutako neurriek Poligonoko trafikoa areagotu dezakeela kontuan izanik, kanpotik datozen ibilgailuak desbideratzeko pertsonala jarriko du Udalak bertako 3 sarrera nagusietan. Horrez gain doako txartel identifikagarri bat emango die Udalak bertakoei sarbidea eta bidegurutzetan egongo diren arduradunen lana errazteko.

Amaitzeko, Udalak bere esker ona adierazi du aparkamendua antolatzeko prozesuan parte hartu duten herritar, eragile, udal teknikari eta alderdi politiko guztiei. “Gaia oso garrantzitsua izan da Udalarentzat legealdi hasieratik eta herritarrengan ere interes handia piztu du; horren adierazle da prozesu honek izan duen parte-hartzea, Zumaian inoiz izan den handiena izan baita. Horregatik benetan eskertzekoa da guztiek azaldu duten jarrera eraikitzaile eta positiboa”,  bukatu du alkateak, Oier Kortak.

 

Ordenantza ikusgai HEMEN