AHO BATEZ ONARTU DU UDALBATZAK HERRIKO APARKAMENDUA ANTOLATZEKO ORDENANTZA

2017/05/25

Onartutako dokumentuan “tasa 0” printzipioa mantenduko da, (egoiliar txartelak doakoa izaten jarraituko du) eta horrez gain, udaletxe pareko aparkalekuak errotazio altukoak bilakatuko dira. Zumaiarrek, ekainaren 1etik aurrera, Ortega eta Gasset kaleko 2 zenbakian eskuratu ahal izango dute egoiliar txartela.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, behin betiko onespena eman dio udalbatzak herriko aparkamendua antolatzeko ordenantzari. Martxotik maiatza bitartean jasotako alegazioak aztertu ostean, beste behin, alderdi politiko guztien babesa jaso du gobernuaren egitasmoak.

Horren arabera, behin betiko dokumentuak aurrera egingo du martxoan aurkeztu eta onartutako “tasa 0” printzipioarekin. Izan ere, bi hilabete atzera egindako ez ohiko bilkuran, PSE-EEk egoiliar txartela doakoa izateko proposamena aurkeztu zuen, martxan jarriko den sistema proba pilotu bat izango dela eta horren emaitzak ikusi eta baloratu arte, lehen frogak doakoak izan beharko lukeela arrazoituz. Proposamena aurrera atera zen EH Bildu eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EAJren udal gobernua, aldiz, abstenitu egin zen. Neurri horrek, ordea, zalaparta eta ez-egona sortu zuen herritar askoren artean, bereziki, Ardantzabideko bizilagunen artean, haiek 15€ ordaindu behar izan baitzituzten txartela eskuratzeko. Gaurkoan, alegazio guztiak jaso eta aztertu ostean, udalbatzak aurrera egin du aurrez adostutakoarekin, beraz, egoiliarren txartela eskuratzea doakoa izaten jarraituko du.

Guztira 9 alegazio jaso eta horietatik 6 onartu ditu Udalak. Horiek horrela, zenbait aldaketa txiki jaso ditu ordenantzak eta horien artean aipagarriena udaletxe pareko aparkalekuak errotazio altukoak bilakatzearena izan da. Horiek horrela, ekainaren 15etik aurrera, doan aparkatu ahal izango da bertan, baina gehienez 20 minutuz.

Sarritan aipatu bezala, erdigunean ezarriko den aparkamendu sistema berria indarrean egongo da hondartza denboraldiak irauten duen bitartean, ekainaren 15etik irailaren 15era, alegia. Horren harira, Udalak jakinarazi nahi du, ekainaren 1etik aurrera, Ortega eta Gasset kaleko 2 zenbakian jarriko den bulegoan eskuratu ahal izango dutela zumaiarrek egoiliar txartela, 09:00-13:00 eta 15:00-19:00 ordutegian, hain zuzen. Informazio gehiago jasotzeko 943845562 telefonora deitu edo taozumaia@iparksa.com helbide elektronikora idatzi dezakete herritarrek. Era berean, izapide eta txartel eskaera internet bidez egiteko aukera ere izango dute zumaiarrek. Horrez gain, datorren astean sistema berriaren inguruko informazio guztia jasoko dute etxeetan banatuko den udal aldizkarian.

Halaber, eguneko aztergaien artean, IDAE mailegua jasotzeko zerrendara atxikitzea edota 2018tik aurrera errefus bilketa Mankomunitatetik kudeatzeko Udal Elkarteko estatutuen aldaketa egitea onartu ditu udalbatzak, baita, 2017ko udal lan eskaintza publikoan 3 udaltzainen postuak betetzeko hautaketa prozesua Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak bere gain hartzeko hitzarmena ere.

Eta gaurko osoko bilkura amaitzeko bi mozio ere onartu dira. Lehena, Altsasuko gertakarien harira, inputatuak izan diren gazten izapideak Iruñean egiteko eskaerara atxikitzeko EH Bilduk aurkeztutakoa izan da. Mozioa aurrera atera da EH Bildu eta EAJ-PNV udal gobernuaren aldeko botoekin. PSE-EE, aldiz, abstenitu egin da.  Bigarren mozioa EAJ-PNVren udal gobernuak aurkeztu du, azken hilabeteotan herriko eremu publiko zein pribatuetan agertu diren pintadak salatzeko, horietako askok gainera alkatearen irudia eraso dutela gaineratuz. Horren aurrean, aldarrikapenak egiteko bide demokratikoak erabiltzea, zumaiarrek aukeratutako erakundeen erabakiak errespetatzea eta bizikidetza normalizatu baten alde, jarrera erasokorrak baztertzea eskatu du udal gobernuak. Mozioa aurrera atera da EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu du: “mozioak gaiak nahasten dituela uste dugu, irain pertsonalak eta giza eskubideen urraketa salatzeko egiten diren pintadak ezin dira zaku berean sartu”, adierazi dute. Kontraesanean, maila ezberdinean bada ere, espazio publiko zein pribatuetan egiten diren pintada guztiak salagarriak direla esanez amaitu du alkateak, edozein delarik haien edukia.

EAJ-PNV udal gobernuaren mozioa

EH Bilduren mozioa