Terrazen ordenantzaren inguruan, Udal Gobernuaren argipenak

2019/10/08

Ohar honen bidez, EAJk terrazen ordenantzaren inguruan ateratako oharrean egindako baieztapenen aurrean argipenak eman nahi ditu Zumaiako Udal Gobernuak.

  1. Tabernariek aurreko legealdi osoa pasa dute udaletxera jo eta terrazen ordenantza eguneratzeko eskatzen. Aurreko gobernuaren aldetik erantzunik ez zuten jaso, eta korapilo hori askatu gabe topatu dugu Gobernura iristean.
  2. Ustez, ordenantzaren aldaketa nahikoa sinplea da, eta teknikariek ere horrela adierazi digute. Ez du zentzurik herri osoko aparkamendu sistema aldatzeko edo etorkizuneko Zumaiak turismoari begira hartu beharreko bideorria diseinatzeko prozesuekin alderatzeak.
  3. Hala ere, Udal Gobernuaren prozedura izan da ordenantzaren zirriborroa oposizioari, tabernariei eta dendariei helaraztea, eta ekarpenak egiteko aukera ematea. Epe horretan gaude orain: momentuz ostalarien ekarpenak jasotzeko bilera emankorra izan zen (35 lagunetik gora elkartu ginen) eta datozen egunotan merkatariekin bilduko gara. Esan bezala, oposizioak ere ekarpenak prestatu eta aurkeztu ditzake. Ez dugu ulertzen EAJk ekarpenak egiteko epean horiek egin ordez gaia eztabaida publikora atera nahi izatea.
  4. Behin oposizioaren, tabernarien eta dendarien ekarpenak jasota eta ordenantza aldatzeko beste munduko arazorik ez dagoela ikusten bada, plenotik pasa eta herritar guztiei helegiteak eta ekarpenak egiteko epea zabalduko litzaieke (ordenantza guztiekin egiten den moduan).
  5. EAJko zinegotziei jakinarazi genien moduan, Udal Gobernuak ez du presarik gai hau aurrera eramateko. Behin behineko ordenantza plenora eramateak ez du gaia ixten, jendaurrean jarri eta herritarrei ekarpenak egiteko epea zabaltzea dakar. Aldaketak arazorik sortzen ez badu epeak ohikoak izango dira, baina ekarpenak jasotzean ikusten bada gaiak denbora gehiago behar duela, beharrezko denbora guztia emango zaio.
  6. Parte hartzeaz ari garela, aprobetxatu nahi dugu ziurtatzeko legealdi honetan parte hartzea eta herri galdeketak arautzeko ordenantza egingo dela. Aurreko legealdi osoan ez zen martxan jarri, EAJk bere programan agindu zuen arren. Bitartean ostalariekin, dendariekin, auzoetako herritarrekin, oposizioarekin... behar den guztietan biltzen jarraituko dugu, elkar entzun eta beraien eskaerak kontutan hartzen.