'Estalapea'-k eman du berea, oraingoz

2020/07/02

Sortzaile eta artistek, Ludotekako eta liburutegiko lagunek eta elkarte eta herritarrek Zumaiako agenda bizirik mantendu dute ‘Estalapean’. Kultura eta bestelako ekitaldiak “plazara eramateko ordua iritsi da”, eta oraingoz, Udalak eten egingo du ‘Estalapea’ egitasmoa. Bi hilabeteotan sortutako edukia Baleikeren webgunean egongo da ikusgai.

Etxean egoteko aginduak iraun bitartean Zumaiako Udalaren agendaren aterpe izateko sortu zen Estalapea. Herriko eragileen, irakasleen, artisten, Ludotekako edo liburutegiko lagunen, eta orokorrean, herritarren parte hartzeari esker 70 bideotik gora bildu dituzte bertan; “etxean geunden bitartean ere Zumaia bizirik mantentzea lortu dugu denon artean”, esan dute Udalaren izenean.

Estalapeak eman du berea oraingoz; izan ere, kultura eta bestelako egitasmoak “plazetara eta kalera eramateko ordua iritsi da”. Baldintza berezietan egin beharko dira aurrerantzean halako ekitaldiak, baina Udalaren izenean adierazi dute Udalaren agenda eta kultura bizirik mantentzeko ahalegina egingo dutela; horren adierazle sanpedroetarako edo udararako prestatutako programa.

Eduki guztia Baleiken ikusgai

Komentuko bisita gidatuarekin itxi dute Estalapearen lehen zikloa, eta azaldu dutenez, bi hilabeteotan sortutako eduki guztia Baleikeren webgunean egongo da ikusgai aurrerantzean ere. Baleikeri ere eskerrik beroenak eman dizkiote Udalaren izenean, “egoera berezi honetan Estalapeari lekua egin eta ahalegin berezia egiteagatik”.

Albiste erlazionatuak