Gaur aurkeztu du Zumaiako Udalak “Zumaia 1936-1945: giza eskubideen urraketa eta errepresioa gerra zibilean eta lehen frankismoan”, memoria historikoaren inguruko liburua

2019/03/01

“Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” liburuak, Aranzadi Zientzia Elkarteak azken 3 urteetan egindako ikerketak jasotzen ditu eta liburuaren aleak Paco Etxeberriak emango duen hitzaldian banatuko dira. Aurkezpenean izan dira Zumaiako Udaleko ordezkariak eta Juantxo Agirre eta Eneko Sanz Aranzadiko kideak

Gaur arratsaldeko 4etan aurkeztu dute, Zumaiako Udaleko ordezkariek eta Juantxo Agirre Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak, Zumaiako Udalaren pleno aretoan, “Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” liburua. Lan honek, Aranzadik azken 3 urteetan egindako ikerketak jasotzen ditu, Zumaian Bigarren Errepublikatik lehen Frankismora gertatutakoen inguruan eginiko ikerketak hain zuzen ere.

Azken urte hauetan, hamarkadetan isilarazita edo etxeko lau pareten artean soilik kontatutakoa azaleratzeko ahalegina egiten ari dira bai gizartea eta baita erakundeak ere. Zumaiako Udalak ere bide bat egin du lan honetan eta argitalpen honekin beste urrats bat egiten du.

Gertatutakoak ez ahaztea ezinbestekoa da eta horretarako beharrezkoa da gertatutako horiek jasotzea. Memoria ahula da maiz eta, gainera, urteak pasa ahala, zuzeneko testigantzak eman ditzaketenak badoaz. Gure historia ez ahazteko, beraz, ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiei Zumaian urte haietan jazotakoa transmititzea. Horixe da, hain zuzen, Oier Kortaren hitzetan, lan honen helburua, “etorkizunean ere, gure iraganean gertatutakoa idatziz jasoa geratzea, idazten ez denak gizakion memoria hilkorrean ahaztuta geratzeko arriskua baitauka”.

Liburu honek, beraz, 1936tik 1945era Zumaian gertatutakoaren inguruko  ikerketa objektibo eta sakona jasotzen du. “Gertatutakoa ezagutzeak horrelakorik berriz ere gertatzea ekidin dezakeelakoan batetik, baina urte horietan egoera lazgarriak jasan behar izan zituztenei zor diegun egia jasotzeko baita ere” dio Kortak. Gerra zibila eta frankismoa tarteko, egoera zailak bizi izan zituzten zumaiar askok, heriotzak, erbesteratzeak, desjabetzeak,… “baina aurrera ateratzeko gai izan ziren eta izan zuten indar eta kemena guztiontzat ikasgai ederra dira”. Oier Korta alkateak adierazi duenez “garai haiek bizi izan zituzten gizon eta emakumeek pairatutakoa ez dugu ahaztu behar, baina ezta ere aurrera ateratzeko erakutsitako gaitasuna. Bereziki, maiz ahaztuen ditugunek jasandakoa eta erakutsitako kemena, emakumeena alegia”. Historiak, gehienetan, gizonezkoen papera azpimarratzen duela eta emakumeen papera ikusezin izan ohi dela ere azpimarratu du alkateak.

Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak azaldu duenez “nazioartean adostu diren egia, justizia eta erreparazio printzipioak ardatz hartuta, Giza Eskubideen urraketak azaleratzen dihardugu eta Zumaiako Udalaren konpromisoa goraipatu nahiko genuke, Aranzadi bezalako erakunde zientifikoa bidelagun izan duelako tokiko memoria duintasunez berreskuratzeko. Testigantza guzti horiek bildu eta testuinguru zabalagoan kokatzea izan da gure lana, lehenengo atalean Zumaiaren historia hiru aldi kronologiko handitan antolatu dugularik. Lehenik, Bigarren Errepublikaren garaia; bigarrenik, Gerra Zibilaren bilakaerarena eta haren ondorioena; eta, azkenik, gerraosteko lehenengo urteak, “Lehen Frankismoa” deritzona. Honez gain, bigarren atalak edo liburukiak gerraren ondorioak eta frankismoak ezarritako errepresioa jasan zituzten zumaiar guztien laburpen biografikoak eskaintzen ditu”. Eneko Sanzek hainbat datu azaldu ditu, eskubideen urraketen inguruan “garai hartan Zumaiak 3434 biztanle zituen eta liburuak eskubideen urraketak jasandako 835 biktima jasotzen ditu izen abizenekin, biztanleriaren %25a gutxi gora behera”. Aranzadiko kideek azpimarratu nahi izan dute Joseba Esnal zumaiarrak eskainitako informazioa eta laguntza, bere lana oso garrantzitsua izan baita ikerketa honetan.

Liburuaren aleak, Paco Etxeberriak Memoria Historikoaren inguruan emango duen hitzaldian banatuko dira bertaratzen direnen artean. Hala ere, zumaiar orok eskuragarri du dagoeneko formatu digitalean udal webgunean.

Hemen duzu liburua eskuragarri formato digitalean:

LIBURUAREN LEHENENGO ZATIA

LIBURUAREN BIGARREN ZATIA