Hondartzetako sorospen zerbitzuen kudeaketa eta Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikinaren gaia landu zituzten urriaren 31ko plenoan

2019/11/04

Udal plenoak aho batez onartu zuen Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikin berriaren eraikuntzarako esleipen prozedura ahalbideratuko duen kreditu aldaketa.

Hondartzetako sorospen zerbitzuen kudeaketa eta Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikinaren gaia landu zituzten pasa den ostegunean, azaroaren 31ean, egin zen ohiko osoko bilkuran.

Udal plenoak aho batez onartu zuen 2019ko 19. kreditu aldaketa, 280.000 euroko diru-partida erantzukizuneko kreditu bidez erabiltzea ahalbideratuko duena. Kreditu aldaketa honen bidez, Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikinaren gauzatzerako esleipen prozesua martxan jarri ahal izango du Zumaiako Udalak, aurrekontuen onarpenaren zain egon gabe. Zehazki, Santiago hondartzako sorosleen, komunen eta aldagelen zerbitzua emateko beharrezko lanak egiteko esleipen prozesua jarriko dute martxan.

Arantxa Gajate Ogasun Zinegotziak azaldu zuenez, erantzukizunezko kredituaren formula aukeratu dute epe kontuagatik. “Udararako sorosle, komun eta aldagela zerbitzua martxan egon dadin, lizitazio prozedura orain jarri behar da martxan. Udalaren ardura da zerbitzu horiek ekainerako martxan egotea, eta horretarako ezinbestekoa da prozedura ahal bezain azkar abiatzea”.

Gainera, Gajatek azaldu zuenez, sorosleen kasuan, Kosta Zuzendaritzak Zumaiako Udala derrigortzen du esleipen prozesua ahal den azkarren martxan jartzera. Horretaz gain, Zumaiako Udalaren eta Getariako Udalaren arteko hitzarmenean “zerbitzuetako eraikin berria” egiteko konpromisoa hartu zuen Zumaiako Udalak.

Ogasun Zinegotziaren arabera, “proiektua landuta dago aurreko legealditik. Aurreko legealdian denbora eman ez zuenez, hurrengo udara baino lehen zerbitzuak martxan jartzeko helburua du Zumaiako Udalak”. Udaleko talde politiko guztien babesarekin onartu zen kreditu aldaketaren proposamena. EAJren izenean, "presazko lanketa izan dela eta beharrezkoa baino diru gehiago aurreikusi dela" kritikatu Oier Kortak. Iñaki Ostolazak adierazi zuenez, "Hirigintza Batzordean gaia lantzen jarraituko dute udaleko talde politiko guztiek".

Hondartzetako sorosle zerbitzuaren kudeaketa eztabaidagai

Ostegunean egindako osoko bilkuran hondartzetako sorosle zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzeko eskatzeko mozioa ere landu zen, EH Bilduren proposamenez.

EAJren izenean, Oier Kortak adierazi zuen “herri eta hondartza bakoitzak bere ezaugarriak dituela, eta kudeaketa Foru Aldundiaren esku utziz gero posible da berezitasun horiek kontutan ez hartzea”. PSEko Arritxu Marañonen arabera, “mozioaren fondoarekin ados” dagoela azaldu zuen, aurreko legealdiaren ere gaia landu zela eta “denbora gutxian posible izatea espero duela” esan zuen. Oposizioko bi taldeek abstenitu egingo zirela aurreratu zuten beren interbentzioetan.

EH Bilduren aldeko 9 bozkekin eta EAJren 7 abstentziorekin eta PSEren abstentzioarekin onartu zen mozioa. Ondorioz, mozioan bertan jasotzen den moduan, Zumaiako Udalak mozio honen berri emango die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei.

Hondartzetako sorospen zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzeko eskatzeko MOZIOA