Kiroldegiko azpiegiturak hobetzen jarraitzen du Udalak

2019/06/13

Berriki gimnasio guztiko lurra aldatu du bertan egiten diren jarduerentzat egokitutako lur berezia jarriz. Ekainaren 21etik uztailaren 1a bitartean, halaber, urteroko itxiera teknikoa egingo du kiroldegiak mantentze lanak egiteko.

Zumaian oro har gero eta herritar gehiagok egiten dute kirola. Hain zuzen, 1000 erabiltzaile inguru pasatzen dira egunero kiroldegitik eta horiei guztiei zerbitzu zein azpiegitura egokienak eskaintze aldera, Udalak, bertako kirol instalazio eta materialak hobetzeko eginiko apustuaren baitan, inbertsio berriak eginez jarraitzen du.

Oraingoan, gimnasioko lur guztia aldatu du, bertan egiten diren jarduerentzat berezia den lurra jarriz. Izan ere, irailean gimnasioa handitu eta irabazitako espazioan lur berria jarri bazuen ere, bazegoen oraindik lurra berritu gabeko eremu bat, baina, azken lan horien ondoren, dagoeneko gimnasio guztiak du bertako jarduerentzat egokitutako lurra.

Ekainaren 21etik uztailaren 1era kiroldegia itxita

Urtero bezala, ekaineko azken astean, mantentze lanak egingo ditu Udalak kiroldegian eta hori dela eta, bertako instalazioak itxita egongo dira ekainaren 21tik uztailaren 1a bitartean (21ean gaueko 22:00etan itxko da eta uztailaren 1ean, goizeko 07:00etan zabalduko da).

Dena den, itxieraren aurretik, ekainaren 21an, puzgarriak egongo dira 15:00etatik 18:00etara kiroldegiko erabiltzaileentzat.

Halaber, itxiera egun horietan, zumaiar bazkideek Azpeitiko kiroldegia erabiltzeko aukera izango dute (kanpoko igerilekua izan ezik).

Horretarako, ezinbestekoa izango da bazkide agiria eskuratzea kiroldegiko harreran.