"Kontatu.osatu" erakusketa egongo da ikusgai Oxford Aretoan azaroaren 21etik abenduaren 8ra

2019/11/13

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatu du erakusketa Mugimendu Feministak eta herriko emakume artisten lanak bilduko ditu. Azaroaren 21ean inauguratuko dute esposizioa.

Atzo iluntzean aurkeztu zituzten jendaurrean "kontatu.osatu" erakusketaren nondik norakoak. Agerraldian izan ziren erakusketan parte hartuko duten Aran Santamaria, Olatz Goiburu, Eva Franko eta Miren Galfarsoro, baita Zumaiako Mugimendu Feministako hainbat kide ere. Lagun izan zituzten Miriam Romatet Kultura Teknikaria, Karmele Gomez Berdintasun Teknikaria eta Maider Alberdi Berdintasun Zinegotzia.

Zumaiako Mugimendu Feministak "#kontatu" dinamika jarri zuen martxan iazko azaroaren 25aren harira, "indarkeria matxistaren ondorioz pairatutako bizipenak elkarbanatu eta azaleratzeko". Dinamikaren sortzaileek azaltzen dutenez, "gogorra bezain ezinbestekoa izan zen gure azalean bizitako indarkeriak identifikatzea, baina elkarrekin konturatu ginen banaka bizitako indarkeria horien erro kolektiboaz: indarkeria matxistak gu guztiok gaitu jopuntuan".

Aurtengo dinamikarekin, "salto bat" eman nahi dute antolatzaileek eta osatze feministan, "zapalkuntza sistemek sortzen dituzten minetan arreta jartzeko ariketa", egin nahi dute azpimarra. Galdera batzuei erantzun nahi izan diete feministek: "Zer egingo dugu gure minekin? Nola zainduko dugu elkar? Baditugu tresnak, elkarren babesa dugu. Eta aurtengo azaroaren 25ean tresna horietan jarri nahi dugu arreta. Adierazteko modu desberdinetan, autodefentsa feministan, ahizpatasunean, zaintzan, ahalduntzean, osatze feministan".

Erakusketa Alondegian

"Kontatu.osatu" dinamikak Alondegia hartuko du azaroaren 21etik abenduaren 8ra bitartean. Zumaiako Mugimendu Feministako kideek antolatu dute erakusketa, eta Emakumeen* Etxea, Berdintasun Foroa eta Zumaiako Udala izan dituzte laguntzaile.

Antolatzaileen arabera, erakusketaren helburua da "bildutako testigantzak artikulatu eta fokua ahalduntze feministan jartzea". "Artea betidanik izan da jendarteko gatazkak adierazi eta salatzeko bidea, norbere minak askatu eta sendatzearekin batera". Hala, erakusketaren bidez, indarkeria matxistaren identifikazioan eta ahalduntzean jarriko dute arreta.

Zumaiako emakume artistek eginiko lanak izango dira erakusketaren ardatza, eta idarkeria matxista zein emakumearen ahalduntzea gaitzat hartuta, hainbat obra egin dituzte. Eva Franco, Aran Santamaria, Winema Cao, Olatz Goiburu, Txaro Galarza, Irene Irureta, Nerea Matias, Miren Galfarsoro, Mireia Segura artistek eta Distira eta Astindu elkarteek sortutako lanek osatuko dute erakusketa. Margoak, zeramika piezak, 3D elementuak, collageak, argazkiak eta bestelako adierazpen artistiko ugari ikusi ahal izango dituzte herritarrek azaroaren 21etik abenduaren 8ra bitartean Alondegiko Oxford Aretoan.

Gainera, erakusketak irauten duen denboran, ekintza kultural desberdinak egingo dituzte, Oxford Aretoan bertan eta herrian zehar. Besteak beste, Erradikalak Ginen antzerkia eta bertsolaritza batzen dituen saioa egongo da azaroaren 29an, arratsaldeko 20:00etan. Inaugurazio ekitaldia azaroaren 21ean, ostegunean, izango da.

Honako spota prestatu dute erakusketaren berri emateko.

Azaroaren 25a Zumaian

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izango da azaroaren 25ean. Urtero bezala, aurtengoan ere ekimen ugari egingo dira Zumaian. Ekimen guzti horien berri datorren astelehenean emango du Zumaiako Udalak, herriko hainbat eragilerekin batera.