Martxan da berriro errotazio altuko A gunea

2017/09/25

Dagoeneko jarri ditu Udalak tiketa inprimatzeko makinak Moilaberriko zubitik Pulpo elkarte pare arteko eremuan, horrenbestez, gaurtik aurrera ezinbestekoa izango da tiketa ateratzea bertan aparkatu ahal izateko. Ordu-mugak 90 minutukoa izaten jarraituko du eta ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat, orain arte bezala, doakoa izango da.

Joan den irailaren 15ean amaitu zen aparkamenduaren erregulazioaren lehen txanpa, baina orduan iragarri bezala, badira salbuespenak, urte osoan erregulatuta jarraituko duten guneak, alegia. Horiek dira, hain zuzen, Ardantzabide auzoa eta errotazio altuko A eta C guneak.

Ardantzabide

Ardantzabideri dagokionean, auzoko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1 edo 2ko bertakoen txartela izatea. Horrenbestez, 3 eta 4ko egoiliar txarteldunek eta gainerako herritar zein kanpotarren ezingo dute auzoko egoiliar gunean aparkatu.

Errotazio altuko A eta C guneak:

Errotazio altuko A gunea da Moilaberriko zubitik Pulpo elkarte pare arte dagoen eremua eta hori izango da hain zuzen urte osoan indarrean egongo den eremua. Dagoeneko eguneratu eta jarri ditu berriro martxan Udalak tiketa inprimatzeko makinak, horrenbestez, gaurtik aurrera, ezinbestekoa izango da tiketa ateratzea bertan aparkatu ahal izateko. Ordu mugak 90 minutukoa izaten jarraituko du eta ibilgailua Zumaian erroldatuta duten biztanleek, orain arte bezala, doan aparkatu ahal izango dute bertan, betiere, tiketa inprimatuz.

  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-20:00 / larunbatetan 08:00-13:00. Ordutik aurrera, larunbat arratsaldean eta igande zein jaiegunetan ez da erregulatuta egongo.

Errotazio altuko C gunea udaletxe parean dagoen gunea da eta hori ere indarrean egongo da urte osoz. Udaltzainek kontrolatutako gunea izaten jarraituko du, ez da tiketik inprimatu beharko eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da.

  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-15:00 / Larunbatetan 08:00-12:30. Ordutik aurrera, larunbat arratsaldean eta igande zein jaiegunetan ez da erregulatuta egongo.