Martxan da Covid-19ak sortutako egoerari erantzuteko foroa

2020/04/21

Udal talde politiko guztiak batzen dituen foroa osatu du Zumaiako Udalak, Covid-19ak sortutako krisiari erantzun bateratua emateko. Krisiaren ondorioei erantzuteko partida bat sortzea adostu dute, besteak beste.

Covid-19ak sortutako egoerak duen garrantziagatik eta neurri bateratuak hartzen saiatzeko asmoz, Zumaiako Udalean foro berri bat osatu dute. Foro honen lehen bileran udal ordezkaritza duten hiru talde politikoetako ordezkariek parte hartu dute. Aurrerantzean foroan udal teknikariek ere parte hartzea adostu dute, eta arlo ekonomikoari dagokionez, bi neurri nagusi zehaztu dituzte.

Lehenik, Gipuzkoako Foru Funtsetik Zumaiako Udalaren aurrekontura iritsitako kopuruaren zati bat itzuli beharko dela aurreikusita, 1.5 milioi euro gordetzea erabaki dute foroan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazitakoaren  arabera, ez dira beteko Foru Funtsaren kalkulua egin zenean zeuden zerga bilketa aurreikuspenak; horren ondorioz, Udalek jasotako diruaren zati bat Foru Funtsera itzuli beharko dutela aurreikusten dute, Zumaiaren kasuan, 1.5 milioi euro inguru. Aurreikuspen horiek ezagututa eta Udalaren egora ekonomiko-finantziarioa aztertuta, zuhurtziaz jokatu eta diru-kopuru hori gordetzea erabaki dute.

Bigarrenik, Covid-19aren krisiak sortuko dituen beharrak asetzeko diru-partida bat sortzea adostu dute. Partidaren zenbatekoa hartu beharreko neurrien arabera moldatuko dutela azaldu dute udal ordezkariek, eta ondorengo arlo eta ekimenetarako bideratuko da, batez ere:
    • Gizarte Zerbitzuak: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eta Gizarte Arloko Diru Laguntzak indartuko dira.
    • Alokairuan dauden herritarrei laguntzak
    • ERTE egoeran dauden eta zaurgarritasun egoeran gelditzeko arriskuan dauden langileei laguntzak.
    • Merkatari, ostalari, autonomo eta enpresentzat laguntzak
    • Kultur jardueren sustapenerako laguntzak
    • Beste administrazioek zabaldutako diru laguntzen inguruko orientazioa, informazioa eta aholkularitza

Bi erabaki horiek hartuta, arlo bakoitza aztertu, eta erantzun egokiena emateko laguntza eta neurriak adostea izango da foroaren hurrengo zeregina.

Covid-19ak sortutako egoerak epe motz, ertain eta luzean izango dituen ondorioei begira lan egiteko konpromisoa agertu dute. Era berean, azterketa sakona egin beharko dutela nabarmendu dute, herritarrei behar dituzten laguntza guztiak iritsiko zaizkiela bermatzeko.

Albiste erlazionatuak