Martxan dira Jabetze Eskolako tailerrak

2019/10/23

Gaur, asteazkena, maitasun erromantikoari buruzko tailerreko bigarren saioa egingo dute. Autodefentsa feminista ikastaroa larunbatean hasiko dute.

Urritik abendura bitartean egingo dituzte Zumaiako Emakumeon* Etxeak Berdintasun Foroarekin elkarlanean antolatutako bi ikastaroak. Jabetze eskolaren baitan antolatu dituzte ikastaroak.

Autodefentsa feminista tailerrean indarkeria matxista eta ahalduntzea landuko dituzte parte hartzaileek. Zer dira eraso matxistak? Nola pairatzen ditugu? Zeintzuk dira gure bizipenak honen aurrean? Nola identifikatu erasoak? Galdera horiek erantzungo dituzte lehenik eta behin. Baina horrekin batera, emakumeei lotuta ageri den pasibotasunaren estereotipoa gainditu, eta norbere burua aitortu, egoeraz jabetu eta boteretzeko tresnak eskuratuko dituzte autodefentsa feministaren bidez.

Maitasun erromantikoari buruzko tailerrean, berriz, harreman onak izango dituzte helmuga. Harremanak aztertu, zer nolako maitasuna sortzen dugun, maitasunean emakumeen papera zein den... aztertuko dute. Hortik abiatuta, aske izateko eta ondo tratatuak eta maitatuak izateko aukera planteatuko dute tailerrean.

Zer da Jabetze Eskola?

Emakumeok* geure buruaren eta bizitzaren jabe izatea sustatzeko topagunea da. Bertan, ahalduntze prozesuak abiarazi edota indartzen dira: autoestimua landuz, gure gaitasunak ezagutuz, abilezia berriak eskuratuz, bizi ditugun injustizia egoerak identifikatuz eta jendartean dagokigun espazioa berreskuratuz. Ondorioz, gizarte bidezkoago, anitzago eta osoagoa lortzeko bidea da jabetze eskola.

Gizonezkoa bazara

Gizonezkoa bazara, eta emakume eta gizonen berdintasunaren alde bazaude, hona hemen egin dezakezun gauzetako bat: ahalbidetu zure
inguruko emakumeei jabetze eskolan parte har dezaten, ardura zaitez zaintzaz (umeena, helduena eta mendekotasuna duten pertsonena) eta
etxeko lanez. Emaiezu aukera hori lagun, bikotekide, edota seme-alaben zein gurasoen zaintzaileei.