Martxan dira Zumaiako hainbat gunetan doako WiFi publikoa jartzeko lanak

2020/05/12

WiFI4EU Europar Batasuneko ekimenaren baitan, herriko hainbat gunetan WiFi sare publikoa izango da laster. Zerbitzua martxan jartzeko instalazio lanak egiten ari da Udala.

Zumaiako Udalak WiFi4EU programarako eskaera egin zuen 2018an. Eskaeraren onarpenaren ostean, beharrezko izapideak egin eta proiektua zehaztuta, herriko plazetan eta hainbat eraikinetan WiFi sare publikoa eta doakoa erabili ahal izango dute herritarrek.

Dagoeneko martxan dira WiFi zerbitzua instalatzeko lanak, eta horretarako beharrezkoak diren antenak jartzen ari dira egunotan. Hasiera batean, ekaina amaierarako bukatuta egon behar ziren lanak, baina bizi dugun egoerak sortutako atzerapenak kontutan hartuta, Europar Batasunak 8 hilabetez luzatu du proiektua amaitzeko epea.

Instalazio lanak amaitu ostean, honako guneetan erabili ahal izango da WiFia: Amaia plazan, Gernika parkean (Portuko geltokiaren inguruan), Beheko plazan, Victoriano Arrate kalean, frontoian, Kiroldegiko harmailetan, Musika Eskolan eta Komentuan. Oikia, Artadi eta Narrondoko plazetan ere jarriko dute WiFia.

WiFi4EU programa

WiFi4EU Europar Batasuneko ekimenak, espazio publikoetan, hau da, parke, plaza, eraikin ofizial, liburutegi,osasun zentro edota museoetan, herritarren wifirako sarbidea bultzatzen du eta horretarako diru-laguntzak eskaintzen dizkie Europako udalerriei. Ekimenaren inguruko informazio gehiago izateko, sartu lotura honetan.