Odola ematearen alde, 24 orduz igeri egingo du Carlos Peñak asteburuan

2019/10/09

Urriaren 12an hasiko du Carlos Peña igerilariak 24 orduko igeriketa saioa. Herrian odol-emaile berriak lortzea da ekimenaren helburua.

Talaipetik abiatuko da Carlos Peñaren igerialdia. Eguerdiko 13:00ean ekingo igeri egiteari, eta biharamuneko ordu berean Arranplan emango du amaitutzat erronka. Villa Luz etxean egindako agerraldian azaldu dituzte ekimenaren zehaztapenak Arritxu Iribar kirol zinegotziak, Carlos Peña igerilariak eta Zumaiako Odol Emaileen Elkarteko kide den Ruben Odriozolak. Era berean, alboan izan dituzte Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteko Sabin Urzelai presidentea eta Itxas Gain zein Taosa taldeetako ordezkariak.

Ekimenak irauten duen bitartean informazio postu bat jarriko dute antolatzaileek, herritarrek odol emateen inguruan izan ditzaketen zalantza, kezka edota beldurrak argitzeko.

Odola, guztion eskubidea eta ardura

Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, Carlos Peña igerian egongo den bitartean, EAEn 160 pertsonak jasoko dute odol transfusioa. Odola jasotzen duten pertsonen kopurua kontua izanda, “odola behar dela” nabarmendu du, eta “guztion eskubidea eta ardura” dela egoera hobetzea.

EAEko odol-emaileen kopurua altua da, baita Zumaiakoa ere: 2018an 274 odol-emaile zeuden herrian, eta, denera, 493 pertsonei atera zieten odola urte guztian egindako saioetan. Ekimen honen bidez, Zumaian 40-50 odol-emaile berri lortu nahi dituztela azaldu du Odriozolak, eta gazteengan jarri du fokua, odol-emaileen artean odol gutxien ematen dutenak baitira: “18-32 urte arteko emaileak 33-47 urte artekoekin alderatuz gero, askoz jende gutxiagok ematen du odola; 51 pertsona 101 pertsonaren aldean”.

Ekimen solidarioa eta altruista

Carlos Peña igerilariak proiektu solidario ugaritan parte hartu du. 30 urte daramatza igeriketari lotuta, eta ibilbide horretan alzeihmerra duten pertsonen alde edota hezur-muinaren aldeko kanpainetan hartu du parte, besteak beste. “Ilusio handia” duela adierazi zuen du.

Bere aldetik, Ruben Odriozolak adierazi du “oso pozik” hartu zutela gonbidapena, baina ekimena ezin izango luketela aurrera atera ekimenera batu diren talde eta herritarrik gabe. Itxas Gain eta Taosa elkarteetako kideak aurrelanketan aritu dira Peña igerilariarekin batera. Egunean zehar, berriz, Itxas Gaineko piraguistak izango ditu bidaide Carlos Peñak, 24 orduetan zehar hainbat txandak eginez. Taosako igerilariak igerialdiaren hasieran eta amaieran lagunduko diote Peñari.

Probak erakunde eta talde hauen babesa izango du: Itxas-Gain, Taosa, Zumaiako Odol Emaileen Elkartea, Zumaiako Kirol Patronatua eta Zumaiako Udala.