Ondasun Higiezinen gaineko Zergan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, familia ugarientzako hobariak eska daitezke urtarrilean

2019/01/09

Hilabete honetan zehar eskatu behar dira aipatu hobariak eta epez kanpo jasotzen diren eskaerak ez dira onartuko. OHZren kasuan hobariak kide kopuruaren eta diru-sarreren araberakoak dira eta ibilgailuen kasuan, diru-sarreren araberakoak. Eskaerak telematikoki egiteko aukera dago, udal webguneko Tramiteak atalean.

2019rako onartu ziren ordenantza fiskalek, familia ugarientzako hobariak jasotzen dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergan eta baita Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan. Hobari horiek aplikatzea nahi duenak eskatu egin behar ditu, eskaera horiek urtarrilean zehar aurkeztu behar dira eta epez kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

 

Zumaiako Udalak, beraz, gogora arazi nahi die herritarrei, dagoeneko eskaerak aurkezteko epea zabalik dela eta eskaera horiek egiteko baldintzen eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa helarazten die eskaeren aurkezpena errazte aldera.

 

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)

 

Baldintzak:

 

a)  Zergaren subjektu pasiboa, zergaduna, familia ugariaren  titularra izan behar da.

b)  Familiako kideak ezingo dute beste etxe bizitzaren jabe izan.

c)  Etxe bizitzaren balio katastrala 180.304 eurotik gorakoa bada, gehienez ere balio horri dagokion hobaria bakarrik aplikatuko da.

d)  Familia-unitatearen ohiko etxe bizitza eta higiezin berean kokatutako ganbara edo trastelekua bakarrik hartuko da kontuan hobaria aplikatzean.

e)  Higiezin bat ohiko etxe bizitza izateko nahitaezkoa izango da higiezin horretan erroldatuta egotea zerga-hobaria jasotzeko eskubidea duen familia-unitateko kide guztiak.

f)     Hobariak ez du atzeraeraginezko ondoriorik, hau da, ez  da aplikatuko epe barruan aurkeztutako hobari-eskaera egin aurreko ekitaldietan.

g)  Familiako PFEZ-ren aitorpenaren diru-sarrera gordinak 90.000 € baino gutxiagoko batura izango du.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

 

a)  Eskaera egiten den momentuan indarrean dagoen familia ugariaren tituluaren fotokopia.

b)  Familia Liburuaren fotokopia.

c)  Bizikidetasunaren egiaztagiria.

d)  Etxe bizitzaren jabe izatearen titulua.

e)  Eskaera egiten den urtearen aurreko urteko Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren erreziboaren fotokopia.

f)     Familiako inork beste etxe bizitzarik ez duela ziurtatzen duen subjektu pasiboaren zinpeko aitorpena.

g)  Hobaria aplikatu beharreko familia osatzen duten kide bakoitzaren aurreko urtean aurkeztutako PFEZaren fotokopia konpultsatua. Aitorpena egin behar ez izanez gero, dagokion ziurtagiria eta informazio fiskala aurkeztu beharko ditu.

 

Aurreko urtean emandako hobaria berriztatzea eskatzen bada, aurkeztu behar diren agiriak a), e), f) eta g) ataletan jasotzen direnak izango dira.

 

Hobariak:

 

Seme-alaba kopurua

0,00€-24.000,00€

24.000,01€-50.000,00€

50.001,00€-90.000,00€

>90.000,00€

3

% 90

% 50

% 15

% 0

4

% 90

% 70

% 40

% 0

5 edo gehiago

% 90

% 90

% 60

% 0

 

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga

 

Baldintzak:

 

% 40ra arteko hobaria izango du familia bakoitzeko turismo bezala zergapetzen duen ibilgailu bakar batek, baldin eta 14 zaldi-potentziatik beherakoa bada, bost plaza edo gehiago baditu eta, indarrean dagoen legediaren arabera, familia ugariko kideren baten jabetzakoa bada.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

 

a)  Ibilgailua identifikatuta agertzen den idatzia/eskaera, bi gurasoek sinatuta.

b)  Bi gurasoen NANaren fotokopia, eta ibilgailuaren zirkulazio- baimena.

c)  Familia Ugariaren tituluaren fotokopia.

d)  Hobaria aplikatu beharreko familia osatzen duten kide bakoitzaren aurreko urtean aurkeztutako PFEZaren fotokopia konpultsatua. Aitorpena egin behar ez izanez gero, dagokion ziurtagiria eta informazio fiskala aurkeztu beharko ditu.

 

Hobariak:

 

Diru-sarrera gordina

0,00€-24.000,00€

24.000,01€-50.000,00€

50.001,00€-90.000,00€

>90.000,00€

Hobaria

% 40

% 30

% 20

% 0