Zabaldu da “Alokairu Bekan” izena emateko epea

2017/11/22

Interesdunek hilaren 23tik abenduaren 5a arte izango dute aipatu programan izena emateko aukera. Programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute.

Joan den irailaren 28an egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko EAJren udal gobernuak landu eta proposatutako “Alokairu Beka” deituriko programa.  

Alegazio epea amaituta, ez du inolako helegiterik jaso, beraz, iragarkia jada GAOn publikatuta, bihartik aurrera zabalik egongo da aipatu programan izena emateko epea. Interesdunek abenduaren 5a arte izango dute dokumentazio guztia aurkezteko epe muga.

“Alokairu Beka” abenduan jarriko da indarrean eta programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Horrez gain, aurtengo eskaera mailari erreparatuz, datorren urteari begira programara bideratutako 30.000€ko kontu saila handitzeko konpromisoa azaldu du Udalak.

Oinarrien eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio guztia HEMEN dago eskuragarri

 

"Alokairu Bekaren" nondik norakoak:

Programaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. Ildo horretan, programa 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bi dira, hain zuzen, indarrean dauden gainerako programetatik bereizten dituen ezaugarriak.

Alde batetik, bekaren onuradun bakoitzak %10eko hobaria jasoko du alokairua partekatzeagatik. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza 150€koa izanik. Eskaera indibiduala ere egin ahal izango dute gazteek, baina kasu honetan, alokairua partekatuz gero, diru-laguntza handiagoa jasoko dute.

Bestalde, formazioa bultzatze aldera, ikasten ari diren onuradunek hilero 10€ko hobaria jaso ahal izango dute, baldin eta ikasketa horiek urteko 150 ordutik gorakoak diren.  

 

“Alokairu Beka” jasotzeko oinarrizko baldintzak

“Alokairu Beka” programa aitzindaria da eskualde mailan, inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu baititu gobernu taldeak oinarri dokumentua osatzeko garaian, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz.

Bide horretan, 18-35 urte izatea eta gutxienez 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea dira “Alokairu Bekara” atxikitzeko oinarrizko baldintzak. Horrez gain, Zumaiako alokairu etxebizitzen egoeraren azterketa sakona egin ostean, 600€tan ezarri du Udalak alokairu kostuaren muga, izan badira eta, herrian, prezio hori baino baxuagoa duten alokairuak; esate baterako, GLL (Gizarte-Larrialdietarako laguntza) jasotzen dutenen %92ak alokairu prezio baxuagoa ordaintzen du.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

“Alokairu Bekan” izena eman ahal izateko, Udaleko harreran edo webgunean eskuratu ahal izango den eskaera orriaz gain, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

  • NANaren fotokopia (adin txikikoen kasuan, familia liburuaren fotokopia)
  • Alokairu kontratuaren kopia
  • Kontu-korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria
  • Errenta ordaintzen dela frogatzen duen banku-agiria (originala edo fotokopia konpultsatua)
  • Etxebizitzen jabe ez izatearen ziurtagiria (jabetza erregistroan igorria)
  • Ondasunei, ogasunei, zergei eta diru-sarrerei dagozkien agiriak (nominak, errenta aitorpena…)
  • Administrazioaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzeko dokumentazioa
  • Ikasten egonez gero, ikasketa ofizialen agiria
  • Bizikidetza-unitateko kideren bat banandua edo dibortziatua, edo izatezko bikoteari utzi badio, egoera horri dagozkion agiriak.