TAO bulegoa astelehenean zabalduko da

2018/05/18

Aipatu bulegoa Juan Belmonte 10 zenbakian kokatuko da eta uda osoan egongo da zabalik. Bertan, aparkamenduaren erregulazioaren inguruko zalantzak argitzeaz gain, egoiliar txartela ere eskuratu ahal izango dute pertsona interesdunek.

Hilabete baino gutxiago gelditzen da jada uda denboraldiari ongietorria emateko, baita, horrekin batera, aparkamenduaren erregulazio sistema berria indarrean jartzeko ere.

Sistema hori ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egongo da indarrean eta aparkamenduaren erregulazioa herri osora zabalduko du, hau da, erdiguneaz haratago, Poligono eremua ere erregulatuko du.

Iaz bezala, errotazio altuko guneak, egonaldi ertain edo TAO guneak eta bertakoentzat gordetako guneak bereiziko dira eta hain zuzen azken horietan aparkatu ahal izateko txartela eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Horretarako eta aparkamenduaren erregulazioaren inguruko zalantzak argitzeko TAO bulegoa zabalduko da astelehenean Juan Belmonte 10 zenbakian. Aipatu bulegoa uda osoa egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Horrez gain, informazio gehiago eskuratzeko taozumaia@iparksa.com helbidera edo 943 845 902 telefonora deitu ahal izango da.

Egoiliar txartela eskuratzeko beharrezko dokumentazioa

Zumaiako Udalak, herritarrak babeste aldera, bertakoentzako guneak lehenetsi ditu herri osoan eta bertan aparkatu ahal izateko beharrezkoa izango da egoiliar txartela izatea.

Horretarako gida baimena aurkeztu beharko da TAO bulegoan.  Edonola ere, txartela eskuratzeko ezinbestekoa izango da ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta egotea eta ordaindu gabeko isun edo zergarik ez izatea.

Egoiliar txartela eskuratu ahal izango dute: araututako guneak bizi direnek, zona horietan lan jarduerak egiten dituztenek, bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, egoiliarrak ez diren langileek eta landa lurretako eta herrigunetik kanpoko auzotarrek (Oikia, Narrondo eta Artadi). Horrez gain, Zestoa eta Debako zenbait baserrietako biztanleei ere eskainiko zaie egoiliar txartela eskuratzeko aukera.

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, ez da egoiliar txartel mugarik egongo. 2018an etxebizitza bakoitzean gidatzeko baimena duten eta hala eskatzen duten pertsona orori emango zaio aipatu txartela. Bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, aldiz, gehienez bi txartel jaso ahal izango dituzte.  

Uda denboraldirako txartelaren kostua ondorengoa izango da: lehen txartela 10€, bigarrena 15€, hirugarrena 20€ eta laugarrena eta ondorengoak 25€.