Turismo Planak definitutako ekintzen jarraipena egiteko Turismo Mahaia eratuko du Udalak eta mahaian parte-hartzeko deialdia zabaldu du

2019/01/18

Turismo Plana osatzerakoan izan den kontsentsu eta parte-hartze zabalaren filosofia mantendu nahi du baita Turismo Mahaiak ere.Turismo Mahaiaren helburua nagusia, kalitatezko turismo jasangarria sustatuz eta herriaren nortasuna mantenduta, hurrengo 3 urtetan garatu beharreko turismo politiketarako gida orriak markatzen dituen ekintzen jarraipena egitea da.

Datozen 3 urteetan turismo alorrean ibilbide orri gisa erabiliko den Turismo Planak definitutako ekintzen jarraipena egiteko Turismo Mahaia eratuko du Udalak eta mahaian parte-hartzeko deialdia egin du. Turismo Plana kontsentsu eta parte-hartze zabalarekin egin zen, alderdi guztien onarpena izan zuen eta 110 elkarrizketa egin ziren, eta filosofia bera izan nahi du baita mahaiak ere.

Mahaia osatuko duten 5 arlotako kideak aukeratzeko deialdia zabaldu du Udalak eta mahaiko kide izateko konpromisoa bermatzeko, hautagai bakoitzari bere ekarpena eta konpromisoa zein izango den idatziz aurkeztea eskatzen dio.  Mahai honen funtzionamendu egokia bermatzeko ezinbestekoa da kideek ordezkatzen duten arloan proposatutako ekarpenak era eraikitzaile batean aurkeztea. 

Turismo Mahaia urtean gutxienez bi aldiz deituko da (sei hileko bakoitzeko bat), baina ekitaldi batean beharrezkotzat hartzen diren Turismo Mahaiak burutu ahal izango dira. Mahaiak kontsulta eta lan izaera du, beraz, bere txostenak adierazgarriak izango dira, bere pisua izango dute baina ez dira erabakitzaileak izango. Hala ere, mahai horretan burututako gogoeta eta eztabaida prozesuen berri eman beharko da, eta mahaira bertaratu diren ordezkariek adierazi beharko dute proposatutako gaiekin ados dauden edo ez eta aldeko edo kontrako iritzi kopurua.

Turismo Mahaia, beraz, partaidetza eta lankidetza organo bat da eta bere jarduera esparruan turismoaren garapen integralarekin lotutako proiektu eta ekimen zehatzen plangintzan, egikaritzan, jarraipenean eta ebaluazioan aritzea du helburu.

Turismo Mahaiaren eginkizunak:

  • Zumaiako Turismo planean ditugun ekintzak aurrera eramateko lehentasunak proposatzea eta jarraipena egitea.
  • Turismoaren arloan Zumaian, eskualdean eta Geoparkean proposatzen diren estrategien inguruko iritzia eta aholkularitza ematea.
  • Aldundiko nahiz Eusko Jaurlaritzako turismo garapenerako estrategietan eragile aktibo gisa parte hartzea.
  • Udala eta Zumaiako herritar, elkarte, eragile eta enpresen arteko zubigintza lanak egitea. 
  • Turismo Mahaiaren proposamenak turismo batzordera eramango dira.

Turismo Mahaiaren eraketa

Turismo plana garatzeko erabili zen eredu parte-hartzailea aintzat hartuta, ordezkaritza zabala izango du baita Turismo Mahaiak ere.

  1. Sektore publikoa. Teknikari nahiz politikariek ordezkatuko dute. Alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat eta euskara teknikaria, kultur teknikaria, ingurumen teknikaria, berdintasun teknikaria eta turismo teknikaria (9 kide).
  2. Sektore pribatua. Azpisektore bakoitzeko ordezkari bat izango du, guztira 5 kide (Ostatuak, ostalariak, merkatariak, zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten enpresak eta bidaia agentziak).
  3. Antolaturiko gizarte zibila. Ondorengo gaiekin zerikusia duten eragileen ordezkari bana, guztira 5 kide (Natura eta zientzia, Kultura eta Ondarea, Euskara eta beste hizkuntzak, Kirola eta Osasuna eta Gazteak eta hirugarren adina)
  4. Akademikoak. Kide bat.
  5. Ekintzaileak. Kide bat.

Beste parte-hartzaile batzuk: Turismo Mahaiak une bakoitzean dituen premien edo interesen arabera bere ustez gonbidatzea interesgarria den beste edozein entitatek edo erakundek parte ahal izango du: Basquetour, Foru aldundia, Geoparkea, Urola kosta,  Urkome, eta gainerako aditu eta aholkulariak.

Horrela, Turismo Mahaian parte-hartzeko eta konpromiso hori mantentzeko interesa dutenei beren hautagaitzak aurkezteko deialdia luzatu die Udalak. Hautagaitzak Turismo bulegoan aurkeztu daitezke, bertaratuta edo posta elektroniko bidez (turismoa@zumaia.eus) otsailaren 4a bitarte eta, esan bezala, hautagai bakoitzak bere ekarpena eta konpromisoa zein izango den idatziz aurkeztu beharko du.