Udal harrera zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egin du Udalak

2020/03/13

Udal eraikin gehienak itxita daude gaurtik. Hiru harrera zerbitzu mantendu dira irekita: udaletxeko harrera zerbitzua, Gizarte Zerbitzuetakoa eta Udaltzaingoa. Horietara beharrezkoa bada bakarrik joatea eskatzen die Udalak herritarrei.

Covid19 birusa dela eta sortutako egoeragatik eta Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta, Zumaiako udal eraikinak itxita daude gaurtik. Era berean, Udalak bertan behera utzi ditu jendaurreko ekitaldiak.

Zumaiako Udalak hiru espaziotan harrera zerbitzua martxan mantentzea erabaki du: Udaltzaingoan, Gizarte Zerbitzuetan eta udaletxean bertan. Hala ere, udal harrera zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egin du Udalak.

Administrazio elektronikoa eta telefono bidezko kudeaketa erabiltzea lehenetsi beharko da ahal den kasu guztietan. Era berean, bertara joatea beharrezkotzat jotzen bada, lehenago dei bidez kontsulta egitea gomendatzen du Udalak.

Udaletxea: 943 86 50 25

Udaltzaingoa: 943 14 32 32

Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00

Koronabirusa prebenitzeko gomendioak

Bizi dugun egoeraren aurrean, Zumaiako Udalak herritarrei eskatzen die aintzat har ditzatela Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako gomendioak:

  1. Eskuak sarri garbitu urarekin eta xaboiarekin.

  2. Eztul edo doministiku egitean ahoa estali besaurrearekin edo mukizapi batekin.

  3. Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta gero zakarrontzira bota.

  4. Arnas sintomaren bat izanez gero eta arrisku eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50