Udalak Aita Mari herri eskolan egiten ari diren obrak eten ditu behin-behinean, betelan lurrak kutsadura izan dezakeela susmatuta

2020/02/11

Analisien emaitzak ezagutu bitartean, zuhurtziaz jokatuko du Udalak, are gehiago eskolako patioa dela kontutan hartuta. Hala, martxan jarri du halako egoeretarako aurreikusitako protokoloa.

Patioko lurra altxatzerakoan ikusi da betelan lurrak kutsadura izan dezakeela. Fundiziozkoa dela uste da, baino analisien emaitza jakin arte ezin izango da ziurtatu.

Lanak ikastetxe eremuan egiten ari direla kontutan hartuta, Udalak zuhurtziaz jokatuko du. Legeak halako egoeretarako ezartzen duenari jarraituz, Zumaiako Udalak aurkitutakoaren berri eman die IHOBEri (Ihobe Sozietate Publiko bat da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikia) eta Eusko Jaurlaritzari.

Protokoloari jarraituz, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko erakunde baimendu batek lurraren laginak hartu zituen lehengo astean eta aztertzera eraman ditu. Analisiaren emaitza jaso bitartean obrak geldirik egongo dira.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kasu hauetan hartu beharreko neurriak zehaztea eta ez dago zehatz jakiterik zenbat denboraz luzatuko den etetea, baina alde guztiek konpromisoa hartu dute ahalik eta denborarik laburrena izan dadin.