ZUMAIAKO MUGIKORTASUN PLANA HERRITARREKIN BATERA GARATZEN JARRAITZEKO BILERA EGINGO DU UDALAK

2016/11/25

Datorren asteartean, hilak 29, bilera egingo da Alondegian 19:00etan.

Azken urteotan herrian zehar aparkatzeko antzeman diren arazoak direla eta, egungo egoera hobetzeko neurriak aztertu eta lantzen hasia da dagoeneko udal gobernu taldea. Orain arte Ardantzabide, Larretxo eta Hondar-gaineko auzotarrekin bildu da, haien ekarpen eta proposamenak jaso eta Zumaiako Mugikortasun Plan berria garatzen jarraitzeko.

Horiek horrela, datorren asteartean, hilak 29, Amaia Plaza, Ondartxo plaza, Juan Belmonte, Ortega y Gasset, Bidasoa, Baltasar Etxabe, Julio Beobide, Urumea, Juan de Zigaran, Oria eta Deba kaleko bizilagunekin bilduko da Alondegian, arratsaldeko 19:00etan, aparkamenduari dagokionez, haien proposamenak ere entzun eta jaso ahal izateko.

Bilera horiekin herriaren eta herritarren egungo mugikortasun eta irisgarritasun beharrei egokitutako Mugikortasun Plana garatu eta bereziki aparkalekuaren egungo antolamendua hobetu nahi du Udalak, betiere, auzo bakoitzeko egoiliarrak lehenetsiz.