Zumaiako Udalak, Erkibe kultur elkartek eta Zumaiena ikastetxeak “IZUR” film laburraren aurkezpena antolatu dute otsailaren 14an

2019/02/08

Otsailean beteko dira 82 urte, frankismoaren errepresioaren ondorioz eta euren borondatearen aurka Gipuzkoatik ehunka emakume eta haur kanporatu zituztela eta horren harira antolatu da aipatu ekitaldia. IZUR film laburra Pixelatuk egin du eta film labur honen bitartez gatazka armatuak bizitako emakumeen testigantzak berreskuratu nahi izan dituzte.

Joseba Esnal, Erkibe kultur elkarteko lehendakariak hasi du gaur San Telmo ermitan, Udalak, Erkibek, Zumaienak eta Pixelatuk eskaini duten  prentsaurrekoa. Bertan azaldu duenez “1937ko otsailean, neguko goiz euritsu batean,  252 zumaiar etxeetatik atera eta errukirik gabe, Zumaiatik kanporatuak izan ziren. Zubitxikian bildu eta kamioi eta autobusetan banatuta, ondasun apur batzuk besterik ez zituztela soinean, gogoz kontra atera zituzten guztiak herritik. Zumaian  errepresioak mila aurpegi desberdin  izan zituen baina, agian, hau izan zen larrienetako bat.”

“Otsail honetan beteko dira, beraz, 82 urte, frankismoaren errepresioaren ondorioz eta euren borondatearen aurka Gipuzkoatik  ehunka  emakume  eta  haur kanporatu zituztela eta honen harira, otsailaren 14ean, 18:30ean, Zumaiena aretoan, ekitaldi berezi bat prestatu da. Bertan, “IZUR” film laburraren aurkezpen ofiziala egingo da eta herritarrei eta gerturatzen direnei orain 82 urte Zumaian gertaturikoaren berri emango zaie. “

Zumaiena ikastetxeko zuzendari den Isaak Aranberrik hartu du hitza ondoren “Ez da erraza pertsona hauek jasandako bizipenen aurrean hunkipenik ez sentitzea.  Ez da erraza  bidegabekeria horren aurrean  isilik egon garela onartzea. Baina bada garaia ordea, inolako zentzurik gabeko indarkeria jasan zuten  ezkutuko biktima horiei merezi duten esker ona eta elkartasuna adieraztea. Zumaienan garbi  dugu istorioak kontatzen ez badira, gogoratzen ez badira, ez direla existitzen eta beharrezkoa dela  belaunaldi berriei  sufrimenduan oinarritutako istorio  hauek gogoratu eta indarkeriaren zentzugabekeria esplikatzea. Giza eskubideen marko honetan gure ikastetxeak , Zumaiako Erkibe kultur elkartea eta Pixelatu-ren eskutik proiektu interesgarri batean parte hartzeko gonbidapena jaso genuen, Zumaiako Udala, Foru Aldundia, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak babesturik.  “IZUR”   filme laburra da proiektu zoragarri hori”.

Pixelatu, IZUR filmaren egileen esanetan “Film labur honen bitartez gatazka armatuak bizitako emakumeen testigantzak berreskuratu nahi genituen. Askotan, gerratearen istorioak gizonezkoen istorioak izaten dira eta aldiz, emakumeek bizitakoak txikikeriak bailiran ahaztu egin dira. Eta izan, badute zer kontatu”.

“Gertakari lazgarri hauen 80. urteurrenean, Zumaiako Udalak omenaldia eskaini zien kanporatuak izan ziren pertsonei eta Oroimenaren gunea deituriko eremu berria egin genuen. Bertan, kanporatuak izan ziren guztien omenez egindako burdinazko murala inauguratuko zen, trenbidearen errailak irudikatzen dituena, kanporatuek ihes egiteko erabili zituzten bide haiei erreferentzia eginez” azaldu du Ane Arregi Zumaiako udaleko zinegotziak.

“Omenaldira gonbidatuak izan ziren kanporatuak izan ziren 58 familietako kideak. Egun hartan omenaldia jaso zutenetako batzuk jada ez daude gure artean eta urteak pasa ahala ez da lekuko zuzenik geratuko. Horregatik da hain garrantzitsua gertatutakoaren lekukotzak jasotzea eta belaunaldi berriek gertatutakoa ezagutzea, biktimei beraiei zor zaielako, baina baita gertatutakoa berriz ez errepikatzeko ere. Horregatik dira beharrezkoak IZUR bezalako filmak eta Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet film labur hau egiteko elkarlanean aritu diren guztiei” amaitu du.

Otsailaren 14ko ekitaldira daude gonbidatuta kanporatuak izan ziren familia eta horien oinordekoak eta baita Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia, Maribel Vaquero, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro ere.