Ohiko galderak

> Nola funtzionatuko du Eguterak?

Eguterak eguzki-panelen instalakuntza bat sortuko du Zumaiako lursail batean (Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean). Kooperatibako bazkide egiten diren zumaiarrek instalazio fotoboltaikoaren jabetza zati  bat eskuratuko dute, eta horrela, instalazioan sortuko den energia berriztagarriaren jabe izango dira. Sortutako energiarekin ohiko argindar kontsumoa estali ahal izango dute. Alegia, Zumaiako bazkideek, beraiek sortutako energia berriztagarria kontsumituko dute.

> Zer eskatzen da bazkide izateko?

Bazkide egiteko lehen ordainketa bat egin beharko da. Momentu honetan egindako kalkuluen arabera, gutxi gorabeherako ekarpena 2.000-2.500 euro ingurukoa izango litzateke (Europako dirulaguntzen arabera kopurua aldatu daiteke, baita bazkide bakoitzaren kontsumoaren arabera ere).

Edonola ere, Egutera kooperatiba hasierako ekarpen horren kopurua gutxitzeko hiru alor desberdinetan ari da lanean. Batetik, IDAEk kudeatzen dituen Europar Batasuneko dirulaguntzekin (komunitate energetikoak laguntzeko dirulaguntzak) kopuruan %25eko murrizketa egitea espero da. Bestetik, Gipuzkoako Ogasuna halako partaidetzentzako kenkari fiskalak sortzea aurreikusten da. Azkenik, finantziazio ereduen arloan ari da lanean. Helburua da bazkide bakoitzaren ekarpena 1000-1500 euro ingurura jaistea.

Helburua ez da inbertsio finantziero bat sustatzea, inbertsio energetiko bat egitea baizik. Ekarpen horrekin zumaiarrek beraiek sortutako energiagatik 30-40€/MWh autordaintzea espero dute (merkatuko prezio historikoa 46,5 €/MWh izan da, nahiz eta egun 200 eurotik gora ordaintzen ari garen).

> Zer abantaila ditu Eguterako bazkide izateak?

  1. Bazkidea bere energiaren jabe izango da, eta KM0 energia berriztagarria kontsumituko du
  2. Bazkideak argindar fakturan aurreztuko du hilero, momentuko prezioaren arabera
  3. Bazkideak kooperatibaren erabakietan parte hartuko du

> Bazkideek urte osoan eta 24 orduz argindarra izatea ziurtatuta al dute?

Bai. Energiaren sorkuntza eta kontsumoa ez dira zertan aldi berean eman behar. Alegia, Eguterako bazkideek orain arte bezalaxe energia kontsumo normala ziurtatuta izango dute, nahiz eta Oikiako sorkuntza plantan (eguraldiagatik edo bestelako arazoengatik) energia sorkuntzan etenak egon. Sortzen den energia sare orokorrera bideratuko da, eta bazkideek kontsumitzen duten energia sare orokorretik hartzen da. Beraz, bazkideek gaur egun hartzen duten bezala hartuko dute gero ere behar duten energia, sare orokorretik. Ezberdintasuna da kontsumitzen duten energia adina (edo gehiago) bideratuko dutela sarera, energia berriztagarria gainera.

> Diru-irabazirik egon al daiteke Eguteran?

Ez. Ez bazkideek, ez Udalak, ezta Egutera kooperatibak ere ez dute diru irabazirik izango. Izan ere, Egutera kooperatiba soziala izanik, diru irabaziak sortuko balira (energia gehiago sortu duelako kontsumitu duena baino, adibidez), behartuta legoke tokiko proiektu sozialetara bideratzera (Zumaiako proiektu sozialak, Eguteraren etorkizuneko ekimenak...).

> Bazkideek diru-galerarik izan dezakete?

Ez. Bazkide egiteko hasierako kopurua ordainduta, hileroko fakturaz gain ez dute bestelako ordainketarik egingo.

> Nola eragingo du nire argindar fakturan?

Egutera kontsumo kooperatiba da. Bazkideak bere hileroko kontsumo fakturan kooperatiban parte hartzeagatik hurrengo kontzeptu bereziak ikusteko aukera izango du:

  • Kontsumituriko energia sorkuntza kostuaren arabera baloratuko da

  • Hasierako ekarpenaren deboluzio bat egingo da hasierako ekarpenean

Hileroko faktura, bazkideak Kooperatibaren komertzializadorari ordainduko dio.

Irabazi asmorik gabea denez, kooperatibak kostu-prezioan salduko du energia, eta horrek bazkide egiten diren zumaiar askori gaur egun ordaintzen duen fakturarekin alderatuta hileroko aurreztea ekar dakioke.

> Nor dago guzti honen atzean?

Zumaiako Udalaz gain, Ekiola kooperatibak hartzen du parte proiektuan. Ekiola Mondragon Taldeko Krean kooperatibak eta EEEk (Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza) osatzen dute.

> Zer gertatzen da bazkideak bazkide izateari utzi nahiko balio?

Bazkideak aukera du edozein momentutan baja emateko. Hasieran egindako inbertsioa itzuliko litzaioke, betiere Egutera kooperatibaren estatutuek ezartzen duten modu eta epeetan.