Erakusketa: Veva Linaza 'Alegoriak ez du gorputzik'

Noiz
Non
Oxford aretoa

Artista getxotarraren azken bi urteko lana izango da ikusgai: akrilikoak eta olioak, paperak eta mihiseak

Oxford aretoa, urtarrilak 19-otsailak 4

Irekiera: urtarrilak 19 ostirala, 19:00

Ordutegia: egunero 18:00-20:00 eta igandetan 12:30-14:00 + 18:00-20:00

Pintura metatze-prozesu bat  da. Pintura prozesuak ez linealako pentsamendu bat nahasten du. Aurrerantz eta atzerantz doa. Goitik behera eta alderantziz. Askotan sigi-saga.

Ikusiko ditugun lanek prozesu metagarri hori agerian jartzen dute. Alegoriak bezala, momentu ezberdineko irudiak, ideiak eta keinuak garraiatzen dira leku batetik bestera. Batzuk jalkitzen dira, besteak herrestatzen dira. Hala edo hola, pinturak beti xurgatzen du dena, esanahia izan ezik. Pinturaren gorputza agertzen denean ikusezinezko pitzadura batetik esanahiak ihes egiten du. Hau da alegoriaren ondorioa. Honek pinturari zentzua ematen dio.

Veva Linaza

++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++

Alegoria kontzeptuaren inguruko hausnarketa da erakusketa hau, azken urteetan hori aztertzen eta ikertzen dabilelako Veva Linaza artista getxotarra, Unibertsitateko Arte Ederren Graduko irakaslea.

Erakusketak honek badu sakontasunetik eta konplexutasunetik zerbait. Linazaren proiektu berri bat da, eta hemen ikusiko ditugun lanak duela bi urtetik hona egindakoak dira. Erakusketa honetan margotzearen prozesua azpimarratu nahi du Linazak. “Nire lan egiteko modua metatze prozesu bat da. Pixkanaka-pixkanaka geruzak eraikitzen joaten dira euskarrian, eta metatze prozesu hori irudikatzea da nahia”.

Alegoriaren kontzeptua sinbologiarekin uztartzen da askotan, baina Linazaren ustez, alegoria oraindik eta urrunago doa. “Historian zehar asko idatzi da kontzeptuaren inguruan, eta esaten da ez dela sinbolo bat bakarrik. Alegoriaren ideia, irudi, koadro edo dena delakoan agertzen ez diren gauzek osatzen dute. Ez da sinbologia bakarrik. Oso misteriotsua da”. Hala, bere diziplinara ekarrita, ideia horrekin bat egiten du Linazak bere lanean. Hau da, ideia batekin hasten da lanean, baina zerbait eraikitzen edo gorpuzten duenean, esanahia berarekin joaten da. “Alegoria da ideia edo keinu bat garraiatzea eta beste modu batean eraikitzea. Nolabait gorputza hor dago baina bere mamia edo esanahia berarekin doa. Beste modu batean esanda, artista batek sortutako gorputzean sinbolo bat agertzen da, baina hortaz sakontzen baduzu konturatzen zara ez dela sinboloa. Alegoriak ihes egiten du sinbolotik. Zerbait gehiago da, nolabait desagertu egiten da”.

Guztira, ehunean egindako zortzi bat koadro eta paperean egindako beste horrenbeste lan daude aretoan. Horietatik batzuk tamaina handiko obrak dira, baina guztiak kolore biziz jantziak. “Tailerrean, margotzen dudan bitartean, kolore biziak erabiltzen ditut; hori eskatzen dit gorputzak. Oso lan koloretsua atera zait, biziegia akaso”.

Naturaren presentzia oso garrantzitsua da Linazaren obra guztietan, eta proiektu honetan ere agertzen dira zaletasun horren zantzuak. “Askotan hurbiltzen naiz naturara gauzak aztertzeko. Margotzerako garaian, paisaiak dira askotan nire abiapuntuak. Adibidez, proiektu honetako papereko lanetan paisaia hartu dut margotzeko oinarrizko ideia bezala”, kontatu du.

Pinturaren inguruko hausnarketa bat da erakusketa, eta metatze prozesua mahai gainean jartzea du helburu. Margolan bakoitzaren azpian ez du kartelik jarriko. “Prozesuaren mugimendu hori azpimarratu nahi dut. Erakusketaren sarreran nire lanaren nondik norakoak azaltzen duen testu bat dago. Alegoriari buruz nik neuk idatzitako testua da, eta lagungarria da erakusketa ulertzeko”. Izan ere, alegoria historian zehar eraikitzen joan den kontzeptua da. “Historian zehar garatzen eta metatzen joan diren ideiak biltzen dira bere esanahiaren barnean. Eta guk, zerbaiten emaitza ulertzen dugu oinarri edo sustrai bat eginda dugulako. Orduan, alegoria ez da bakarrik sinbolo bat, metatze prozesu bat ere bada. Azkenean hasieran zen gauza, ideia edo irudia amaitzen denean beste emaitza bat izaten da, hasierako ideia hori joan egiten baita. Eta niri pinturarekin hori gertatzen zait”.

(baleike.eus gunetik hartu eta moldatutako testua)