Santiagoko duna eta padura

 

Urola ibaiak Aizkorriko mendatean du sorburua; ia 60 kilometroko ibilguan izen bereko bailara zeharkatzen du, eta itsasoratu aurretik meandro zabalak egiten ditu, Iraeta eta Zumaia bitartean. Itsasoratzean, Urola ibaiak hondar eta limoz osatua dagoen barra zabala eratzen du eskuinaldeko ertzean. Barraren iparraldean, Kantauri itsasoa aurrez aurre duela, hondar duna sortzen da; barrurago berriz, badiaren babesean, padura.

Urolaren bokalean, Goi Kretazikoan (orain 75 milioi urte inguru) eratutako kare-harri eta margetatik hasi, eta Behe Eozenoko (orain 55 miloi urte inguru) hareharri, buztin eta kare-harri margatsuen bitarteko material geologikoak aurki daitezke. Kretazikoaren eta Tertziarioaren (Eozenoa) arteko trantsizioa geruza gorrixkak azaltzen dituzten kare-harri eta margetan ikus dezakegu, burdin oxidoa metatu denaren seinale baitira.

Kretazikoko kare-harri eta margen gainean Kuaternarioan eratutako hondar eta limozko barra ikus daiteke. 30 metroko lodiera izan dezaketen sedimentu-geruza horiek sortzen dute hondar duna eta padura.

Hondartza eta duna


Santiago hondartzaren goiko eremuan sortzen da duna, eta bertako landareak zerrendatan kokatzen dira; betiere, itsasoaz, kresalaz, haizeaz eta horien eragin lehorgarriaz babesteko duten gaitasunaren arabera.

Hondartza eta dunaren mugan bizi diren landareek itsasaldiarekin (marearekin) eta haizearekin lehia bizia dute. Gutxi dira baldintzok jasan ditzaketen landareak: urtero hazi eta garapen azkarrekoak direnak soilik.

Lehen landare zerrenda horren atzean, olatu eta haizeak garraiatutako hondarra metatzen da, duna mugikorrak deritzen egiturak sortuz. Gune horretan garatzen diren landareek estoloi luzeak dituzte hondarrari eusteko.

Duna mugikorren atzean duna grisak sortzen dira, aurrekoak baino egonkorragoak dira, eta landarediak ia osorik estaltzen du horien azala. Ingurune baldintzak ez dira hain latzak, itsasoa aurrekoek baino urrunago dute, eta lur azalean pilatzen den gatza lurraren azpiko geruzetara garraiatzen du euriak. Landare estoloidun edo narrastariek, urteko landareek, eta itsas pinuek mosaiko ederrak eratzen dituzte duna grisetan.

Zuloagatarren lursailen inguruan itsasoaren eragina txikia denez, sastrakak eta zuhaitz batzuk hazten dira.

Santiagoko dunak azalera txikia du (3 hektarea inguru) eta aisialdi gune garrantzitsua den heinean, giza eragin handia jasaten du. Eragin honek berez ekosistema honetakoak ez diren landare espezieen inbasioa errazten du; dena den, duna horretako landare aniztasuna azpimarragarria da, ekosistema hauen adierazgarri diren 49 landare espezie aurki baitaitezke; besteak beste, hainbat onddo espezie.

Zuloagatarren museoaren lorategietan zuhaitzak dira nagusi (batez ere, pinu eta nekostak), nahiz eta oso ondo kontserbaturiko duna zelaiak ere aurkitzen diren.

Dunetako fauna nagusiki ornogabeek osatzen dute; baitik bat, intsektu, armiarma eta gastropodoek. Ornodunen artean, dunako zuhaitzetan bizi diren txoriak eta migrazio garaian atseden hartzera geratzen diren hegaztiak aipa daitezke. Musker berdea ere oso ugaria zen, garai batean.

1. Nola sortzen dira dunak?                                                          

2-panela-OPT.jpg

2. Dunetako bizidunak    

2-panela.jpg

3. Gure altxorrak gorde ditzagun

3-panela.jpg

Padura


Padura Urola ibaiaren bokaleko ordeka guneetan metatzen diren sedimentu finen ondorioz sortzen da, ingurune berezi eta selektiboak eratuz. Ekosistema honen ezaugarrietako bat uraren uhertasuna da; uhertasun hori ibai eta itsasoko uren material ekarpenaren ondorio da.

Itsasaldiek duten eraginaren ondorioz, padurako landaredia oso berezia eta karakteristikoa da; landareok urari dioten jasankortasunaren arabera kokatzen dira. Paduraren behe aldean, substratu bigun eta ezegonkorretan, alga berdeak baino ez daude.

Itsasgora ertainek ureztatzen dituzten guneetan, limoen gainean, graminea zelaiak ezartzen dira; horien sustraiek substratua finkatzen dute sedimentu berriak gainjartzea erraztuz.

Itsasgora biziek soilik ureztatzen dituzten guneetan —hau da, hezetasun handiko eta ibaiak garraiatutako elikagai ugariko guneetan—, padurak berezkoak dituen landareak ikus ditzakegu. Landare horien artean halofiloak dira nagusi: gatzarekiko jasankortasun handiena dutenak behealdean jartzen dira, eta jasankortasun txikiena dutenak, berriz, goialdean. Errepideko ezpondaren oinean, itsasaldien eragina oso txikia da eta, errekatxo batek dakarren ur gezari esker, ihi eta lezkak hazten dira.

Hegazti fauna Urolaren itsasadarreko bi gune nagusitan ikus dezakegu: Santiago inguruan eta Bedua inguruan. Paduretako 100 hegazti espezie inguru ikusi izan dira bi gune horietan.

Hegaztiak migrazio garaian dira ugarien; zehazki, udaberrian. Alabaina, udazkenean hegaztiek egonaldi luzeagoak egiten dituzte paduran. Urtaro horretan ohikoa da txirriak, hegaberak, kuliskak edota hankagorriak ikustea.

Ahate igerilari gutxi ditugu bi gune horietan, baina basahateak, ahate mokozabalak eta familia horretako beste espezie batzuk ugariagoak dira. Hegazti ikusgarriak eta, zoritxarrez, desagertzeko zorian daudenak ere ikusten dira noiz edo noiz, esaterako, mokozabala, branta musuzuria, edota lertxun gorria. Aipagarria da, halaber, arrano arrantzaleak urtero Zumaiako paduretara egiten duen bisita: gehienetan Bedua inguruan egoten bada ere, noizean behin Santiago aldera ere azaltzen da jatera.

Neguan hegazti kopurua asko murrizten da, eta arras arruntak diren espezieak baino ez dira geratzen bertan: kaio hauskara, antxeta mokogorri eta hankahoria, txirri arrunta, txirritxoa, ubarroia, lertxuntxo txikia eta lertxun hauskara. Aipatzekoa da azken horien neguko kolonia nagusia Beduan dagoela.

Negua itsaso zabalean pasatzen duten hegaztiek ere estuariora jotzen dute ekaitzak oso bortitzak direnean; halakotan, marikoi, ahatebeltz, pottorro eta martin arruntak ikus daitezke Urolaren bokalean.

Udan ere hegazti espezie gutxi geratzen da paduran: buztanikara zuri eta horia, kuliska txikia, antxeta mokogorri eta hankahori gazteak, etab. Bertan habia egiten duten bi hegazti mota ere badira: basahatea —Zuloagatarren lorategietan ipintzen du bere habia—, eta txirritxo txikia —azken horrek Bedua inguruan jartzen du habia—.