Zumaiako hondartzak
ZUMAIAKO HONDARTZAK
Itzurun
Itsasoari irekia, Marianton eta Algorri muturren artean kokaturik, luzeran 270 m eta zabaleran bataz besteko 75 m ditu Itzurun hondartzak.
Garaiera handiko itsaslabarren artean mugatuta eta ipar-mendebaldeari begira olatuen indarra pairatzen du sarritan. Izaera aldakorra duen hondartza bizia da Itzurun, itsasaldien eragina agerikoa da eta marea bizien garaian hondar azalera ia guztiz desagertzen da.
Bertako balio paisajistiko, geologiko eta biologikoak direla eta, Deba-Zumaia Biotopo Babestuaren barnean dago. Horien artean, balio geologikoa nabarmentzen da.
Itzurun hondartzan interes geologiko handia duten hainbat toki daude. Urre koloreko iltze baten bidez adierazten diren Daniar/Selandiar eta Selandiar/Thanetiar denbora mugen estratotipoek, mundu mailako erreferente bihurtzen dute honako sekzioa.
Thanetiar Estaien oinerako Estratotipo Globala.
Estratotipoa adierazten duen ‘Golden Spike’ edo urrezko iltzea.
Beste puntu geologiko interesgarria Paleozenoa eta Eozenoaren arteko trantsizioa definitzen duen denbora muga da.
Zerbitzu eta ekipamenduak:
- Sarbideak: eskailerak eta arrapala (%8ko malda baino handiagoa)
- Dutxa, iturriak eta oinak garbitzekoak
- Informazio panelak
- Bizikletak eusteko euskarriak
- Aparkalekuak herrian zehar (Hondartza ingurura baimendutako ibilgailuak soilik sar daitezke)
- Hondartza garbiketa
Hondartza sasoian soilik mantentzen diren zerbitzuak (ekainaren 15etik irailaren 15era arte):
- Sorospen, salbamendu eta zaintza zerbitzua
- Ezinduei bainatzen laguntzeko zerbitzua
- Komunak eta ur beroko dutxak
- Taberna eta jatetxe zerbitzua
- Toldo eta etzaulkien alokairua
- Etzaulkien zaintza zerbitzua
- Izozkien salmenta
- Hondartza hezitzailea: ingurumen heziketa eta informazioa
Santiago
Urola ibaiaren bokalea eta kostako N-634 errepidearen artean Zumaia eta Getaria arteko mugetan kokatzen da Santiago hondartza; luzeran 350 m eta bataz besteko 175 m zabaleran ditu.
Azken urteetan egindako eraikuntza lanek (parolmuturreko luzapena, dikearen luzapena…) eragin zuzena izan dute hondartzaren bilakaeran, eta ondorioz hondartza eta dunaren azalera abiada handian zabaldu da. Era berean, dikeek itsasoaren indarraren aurrean babesa eskaintzen diote hondartzari eta, ondorioz, bainurako ur lasaiak ditu Santiagok.
Santiago hondartza 1961. urtean.
Santiago hondartza 2004. urtean.
Hondartzaren atzealdean Urola Itsasadarra Batasunaren Garrantzizko Lekuaren barne dauden duna eta padurak ditugu.
Euskal Herrian gelditzen diren bakarretakoa, Santiagoko Duna landaretza bitxia duen balio handiko ingurua da.
Padurak, berriz, urtero bisitan datozkigun hegazti migratzaileentzat ezinbesteko babesleku eta atsedenleku dira. Neguko baldintza gogorrei ihesi ere hegazti ugari hurreratzen dira bertara.
Zerbitzu eta ekipamenduak:
- Sarbideak: Bi eskailera gune daude hondartzara iristeko. Uda garaian txalupa zerbitzua dago herrigunetik hondartzaraino
- Dutxa eta iturriak
- Informazio panelak
- Bizikletak eusteko euskarriak
- Aparkalekua
- Hondartza garbiketa
Hondartza sasoian soilik mantentzen diren zerbitzuak (ekainaren 15etik irailaren 15era arte):
- Sorospen, salbamendu eta zaintza zerbitzua
- Komunak eta iturriak
- Taberna
- Etzaulkien zaintza zerbitzua
- Hondartza hezitzailea: ingurumen heziketa eta informazioa
Algorri
Txikia baina xarma handikoa, Itzurun hondartzaren mendebaldean kokaturik dago. Harria nagusi da Algorrin, apenas duen hondarrik, eta itsasbeheran urak atzera egitean, toki paregabea dugu itsaslabarren atzeratze prozesuaren testigu den marearteko zabalgunea ikusteko.
Inguru aldakor honetan, itsasoaren eraginak baldintza gogorrak ezartzen ditu bizitzarako eta bertako putzu eta haitzetan moldaera bitxiak garatu dituzten izaki bizidun ugari aurkitu ditzakegu.
Geologia aldetik ere toki garrantzitsua da Algorri hondartza. Bertan Kretazeo/Tertziario garaien arteko denbora muga azaleratzen da. Begi-bistan ezer nabarmenik ez badu ere, harrizko geruza hau dinosauroen desagerpenaren teoriaren giltzarri izan zen, eta orain 65 milioi urte Mexikoko Yucatan aldean eroritako meteoritoaren aztarnak gordetzen ditu.