Pantera
elurretan bezala
Yoseba Peña
Pantera elurretan bezala
Yoseba Peña
Julene Azpeitia 24. ipuin lehiaketa
2011
1. saria
Zumaian Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 25. urteurrena
ospatzeko egindako digitalizazioaren emaitza, 2012ko irailean.
© Yoseba Peña (ipuinarena)
© Zumaiako Udala (argitalpen honena)
Laguntzailea: KUTXA
Kilimanjaro elurrez estalitako mendi bat da,
19.710 oin garai, Afrikako altuena omen dena.
Masaiek mendebaldeko tontorrari 'Ngaje
Ngai' deitzen diote: Jainkoaren etxea.
Mendebaldeko tontorretatik gertu pantera
baten hezurdura lehor eta izoztua dago. Inork
ez du oraindik argitu zeren bila zebilen
lehoinabarra altuera horretan.
Ernest Hemingway, “Kilimanjaroko elurrak”
IKUSTEN DU. Hil egingo den arratsalde hartan Tomas Ormaecheak dena ikusten du:
emaztearen gehiegizko poza, alaba eta suhiaren umiltasun faltsua, seme nagusiaren
alferrikako handinahia, ertainaren aharrausiak. Etxera eskapatzeko irrika nabaritzen zaio; Tomas ziur dago baboak gaua igaro duela maitalearekin. Ez du hori zentsuratzen —ez da hain zinikoa—, familiari huts egitea baizik. Hogei urte daramatza Amaia bisitatzen inor mindu gabe. Arau erraz bati besterik ez zaio jarraitu behar: egiten duzuna egiten duzula, egizu ondo. Ondo horretan, baina, datza giltzarria.
Urrezko ezteiak, bazkaria, sendia: harmonia eta zoriontasuna, omen. Seme nagusia
ondora begira harrapatzen du, adigabe. Bere burua enpresari arrakastatsutzat izan arren gizajo hutsa da: kalean otso, etxean uso. Argi dago emaztea faltan botatzen duela. Edo emazte ohia, auskalo: badira bost urte familiako ekitaldietan azalpenik gabe agertzeari utzi zionetik. Ormaecheak ez daki oraindik zer gertatu zen, ezta umeak norekin bizi diren ere. Esan gabe doa, inor ez da ezer galdetzen ausartu.
Gorbata pixka bat askatzen du; izerditan dago, izerdi hotza, baina. Bilobak
hurreratzen zaizkio lotsati zirriborro batzuk emateko: etxea, bi ume, gurasoak eta txakurra; kotxea, lau pertsonarekin; neskatxo bat ama eta aitaren eskutik... Paul Newman eta Liz Taylorren pelikula bat gogoratzen diote, katemearena. Ez zitzaion bereziki gustatu, baina eszena bat ezin izan du sekula burutik aldendu: seme nagusiak eta errainak beren
haurtxoak bidaliz patriarkaren mesedea eskuratzeko eta hark agertutako arbuioa; zinema, bizitzaren isla garratza.
Bistakoa da abagunerako propio marraztuak ez direla; beharbada horrek eragingo
du umeen urduritasun mesfidatia. Ez dakite ondo aitonaren aurrean nola jokatu gurasoek eskatu dietena betetzeko; alderantziz gauza bera gertatzen da: Tomasek txanpon
batzuekin erosten die bakean lagatzea.
-3-
Denborak ez dio harreman estua finkatzen ahalbidetu, seme-alabekin bezala. Beldur
eta premian oinarritutako mendekotasuna du tradizio: erregearen bakardadea.
Marijerekiko lotura ere ez da hobea: ondoan eserita, hamabost urteko neskatxo baten
moduan egiten du irri, antsia batean, kotoizko bere munduan bakartuta. Elkar ezagutzean dirdira berezia zuen: izugarri polita, lasaia, eraman onekoa eta, lotsa gainditzea lortzen zuen gutxietan, baita azkarra ere.
Ormaecheak garondoa masajeatzen du. Goizetik pairatzen ari den zanpaketa-
sentsazioa hedatuz doa. Adinarekin, horrelako ekitaldi aspergarriak jasatea gero eta
zailago egiten zaio. Koinatuaren txantxa bati irribarrez erantzuten dio, kasu askorik egin gabe. Burusoildua eta lodi-lodia dago Marijeren neba, leinuaren gaztaroko edertasuna
erraz zimeltzen dela frogatzen du horrek.
Tomas, ordea, lagunen artean salbuespena da horretan. Tira, Luistxo ere bai, baina
hau jada ez dago ezertarako. Luis Eguia: txiki-txikitatik mantendu izan duen lagun min bakarra, Marije baino zentzu gehiagotan bikotekide: musean banaezinak, parrandetan,
abenturetan, erronketan. Memoria arazo eta umore aldaketekin hasi eta amen batean
ez zen gidatzeko gai ere. Alzheimer: atzerriko azti baten zorigaiztoko biraoa.
Ormaecheak abisutzat hartu zuen Luistxoren eria eta eskolan entzundako pasadizoa
aditu egin zuen azkenean. Erroman, garaipena ospatzeko koadrigan bi pertsona
zihoazen: jenerala, jendetzaren laudorioak jasotzen, eta esklaboa, hari ereinotz koroa eutsiz. Honen bigarren betekizuna, halere, askoz garrantzitsuagoa zen: gizon hilkorra
besterik ez zela etengabe gogoratzea, gizon hilkorra.
Koinatua bere arreta erakartzen setatzen da; ergela bi kopa edanda mozkortzen da.
Sekula ez dira lagunak izan: ezkon aurretik ez zizkion gauzak batere arindu Marijeren
gurasoekin eta ez dio inoiz barkatu. Egia esan, koinatuak gauza xume bat baino ez du
ondo egin bizitzan: Unairi izena aukeratzea. Unai. Hori da, hain zuzen ere, ospakizun
horretan faltan botatzen duena: Unai maitea, seme-alaben artean bere antza zuen
bakarra —zentzu guztietan—. Katemearen pelikula berriro ere: han, aldiz, patriarkak
behintzat aukera izan zuen semeari laguntzeko. Aukera edo.
Izerdia garbitzen du kopetatik; azala itsaskorra, ezinegona. Koinatua baztertzeko
beste aldera begiratzen du; saihestu ezinik, Unairen irudia zabaltzen zaio gogoan. 15 urte dagoeneko; denborak azkarregi egiten du aurrera eta, halere, egunero biziberritu izan du tragedia: deia gauerdian, autoa puskatu zen kurba madarikatu hura, droga-analisien
emaitza positiboak, familiagatik dena estaltzeko bere erabakia. Bere sekretua. Bere
barruko pipi gosea. Unairen heriotzak egia mingarri bat azaleratu zion: bere bizitza ez zela perfektua eta ez zela sekula izango.
Istripu aurretik Marije abandonatzeko erabakia hartua zuen; ondoren ezin, ez Marijek
burua berriz altxatu arte. Tamalez, somniferoak, antidepresiboak eta botika guztiak premia bihurtu ziren. Ormaecheak zioen moduan, ito egin zuten jarabe puta horietan, ito.
Zoriontsu eta libre izateko bere azken aukerarekin batera.
Tartean-tartean Marijek argitasun une urriak zituen. Haietako batean bururatu
zitzaion ezkontzaren urteurrenarena: denek ospatzen zutela, familia batzeko parada zela... Zer esanik ez, Tomasentzat bi arrazoi horiek, hutsaren hurrengo. Kezka askoz
larriagoak zituenez, onartu egin zuen.
Ametsa helburu, edota helburuarekin amestuz, Marije pitin bat berpiztu eta gogotsu
ekin zion lanari: jatetxea bilatu, egitaraua antolatu, soineko eta traje berriak erosi, senide guztiei gonbidapenak helarazi. Zaharrenak izandakoaren karikatura zatarrak ziren, ileorde eta guzti: neba astuna, ahizpa santujaleak, koinatu txikiteroa eta iloba mongolikoa.
-4-
Tomasek ez zuen seniderik: kale gorritik eta bere kasa eraikia zuen Ormaechea
Fundiciones S.L., lantegian irakurtzen eta idazten ikasiz, soilik baserritarren zuhurtzia lagun.
Erretiroa hartzeko orduak ez zizkion ohiturak fitsik ere aldatu. Zer egin behar zuen, ba, jubilatuta? Baratzean aritu? Paseatu? Baita zera ere! Primeran sentitzen zen, buruz eta gorputzez —Amaia lekuko—. Bera ez zen zahartzen, itsas labar egoskorra zen, olatuei beti harro aurre eginez. Jakin bazekien afari eta jendaurreko ekitaldietan bolo-bolo zebilena: Marijek bere ama zirudiela. Egia borobila.
Munduak bere horretan zirauen harik eta hankarena gertatu arte. Koskor batzuk
iztaian agertu eta medikuak, badaezpada, kentzea agindu zion. Ordurako Luis bere
buruko eldarnioetan galduta zebilen eta Ormaechea lehen aldiz izutu egin zen. Baja
hartu, bizitzan lehenaldiz hori ere, eta sendatzean kontzentratu zen. Bartzelonara
munduko medikurik onenengana jo eta beste errekor bat eskuratu zuen: 2 hilabete, 59
egun hain zuzen ere, eta senda-agiriarekin etxera. Geldiezina sentitzen zen: bainuetxe batean astebetez atsedena hartzeko gomendatu arren, lana utzi izanak lotsa pixka bat
ematen zionez, zuzenean itzuli zen. Esan beharrik ez, inor jakinaren gainean jarri gabe.
Marijeren dei beldurtiak jo zuen alarma: seme-alabak eta suhia batzar gelan
giltzapetu ziren larrialdiko estrategia batera finkatzeko. Tomas, halere, tronua
berreskuratzeko desiratzen, bere bulegora abiatu zen ongi-etorriko komitea baztertuta.
Hara: gominadun harroputz bat ordenagailu ñimiño batekin aurkitu ez zuen, ba! Bere
santutegian, inor ezta ukitzen ere atrebitzen ez zen aulkian eserita!
Berehala konprenitu zuen: ez zuten beraietako bat enpresaburu hautatzen asmatu.
Sumindura jainkotiarra: familiaren kontuak gidatzeko kanpoko bat ekartzea ere! Orro
batekin, muleta albo batera jaurti eta sasi-jakintsua gorbatatik arrastaka bota zuen kalera.
Eta eskerrak ezin zuen hanka zeharo mugitu. Gero, alferrik seme-alaben erreguak eta
popatik hartzera suhiaren berriketa psikologikoa: denak etxera bidali zituen eta hilabetez bueltatzea galarazi zien. Ikas zezatela.
Hotzikara: handik urrun egon nahiko luke. Obligazioak, alabaina, bete behar dira.
Ene: dena familiagatik eman eta, trukean, betebeharrak eta kateak baino ez zituen jaso.
Baita oinazea ere.
Biloba txikitxo eta inuzenteena kartoizko fardel bat eskuetan hartuta hurbiltzen zaie.
Marijek haurrak ihes egitea lortu aurretik musuz estaltzen du. Beste biloba guztiak ere musukatzen dituzte, ezinbestez, eta gero oparia irekitzen dute —Marijek irekitzen du—.
Barruan dauden paperezko bolak aurreikus zitekeen jakin-mina eta emozioarekin kentzen
ditu. Pisutsua eta hotza da barrukoa, marmolezkoa. Dardarka, behatz puntetan elkar
ukitzen duten bi eskuren eskultura azaleratzen du. Aurreikus zitekeen hunkiduraz ere hasten da negarrez. Suhiak tonu didaktikoz argitzen die Michelangelok margotutako Azken Epai
Egunaren freskoan eskuen arteko ukitzea imitatzen duela. Gidoiak Marije besarkatzera
bultzatzen du; Ormaechea azken alditik zenbat argaldu den konturatzen da. Egoera
barregarria: opariak ederki irudikatzen du bere bizitza. Hatzak elkar itsatsita daude; egiazko margoan, ordea, ez. Izan ere, Adamek ez du eskua erabat luzatzen, Jainkoarekin lotzea nahiko ez balu bezala. Tomasek hasperen egiten du: beti zorionetik gertu eta
sekula ez heltzea ere...
Umorea ozpindu egin zaio. Gogoz kontra, etxean prestatutako topiko-segida
inprobisatzeko tentetzen da. Ondo baino hobeto daki hitzaldietan aipatzen ez dena
garrantzizkoena dela: esaterako handik bi astetara Ormaechea Fundiciones-ek itxi
beharko duela —betiko—. Esaterako ogia beren kabuz eskuratzen hasi beharko dutela,
alfer halakoak.
-5-
Ezinegona biziagotzen da. Tua irentsi eta eztarria garbitzean, ziztada zorrotz bat
sentitzen du bularraldean. Gora egiten zaio, bularrezurraren azpian orratz franko balu bezala. Irribarre egiten die: minutu bete darama zutik mutu. Etorri izana eskertzen die. Han egoteaz pozik dagoela, bere familiaz harro. Munduko emakumerik onenarekin ezkontzeko
zortea izan duela. Eta seme-alabarik onenak ere, daudenak eta ez daudenak. Egia
bakarti honek ahotsa iluntzen dio; energia batzeko isiltzen da. Xedea erdietsita: denek sumatzen dute penaz Unai isilunearen atzean.
Tomas Ormaechea borrokalariak, halere, gorputzari buelta ematen dio mendate
malkartsuetan txirrindulari onenen antzera. Arranditsu, kokotsa altxatzen du pausa luze bat eginez: ecce homo. Denek miresten dute barneko indar hura.
Pasadizo bati ekiten dio, behin safari batean entzundakoa. Hitzak ondo ahoskatuz
azaltzen die Kilimanjaroren tontorrean pantera baten hezurdura betiereko elurretan
izoztuta dagoela. Eta inork ez dakiela zertan zebilen pantera bere eremu naturaletik hain urrun. Berak, aldiz, bai. Garaileak eremu erosoetatik irten behar dira gauza berrien bila, arriskuak arrisku, beren senideei onena eskaini ahal izateko.
Antzerkiko pausa gordez eta eskua diktadoreek bezala altxatuz serio-serio botatzen
ditu azken esaldiak: ni naiz pantera hori. Eta jakin badakit egunen batean elurrak
harrapatuko nauela; prezioa gustura onartzen dut zeuen onuragatik. Berriz jaioko banintz, den-dena berdin-berdin egingo nuke.
Txalo zaparradaren erdian, beti gidoiari zehatz-mehatz jarraituz, Marije jaiki,
besarkatu eta lehenengo egunean bezala maite duela deklamatzen du. Nik zu ere bai,
eguneroko lau hitzok ohi duenez, airez puztuta itzultzen dizkio, paperezko itsasontzi bat uretan.
Atso arrotz hura musukatzen du, berak, Tomas Ormaechea handiak, hogei urteko
gazteak, hazitarako zaldikoak, naturaren indarrak, kreazioaren mirariak, bizitzaren
zentroak.
Minak amiltzen du euforia hodeitik. Bat-batean bere sendotasuna galtzen du
hirurogeita hamar urteko agureak. Mahaian bermatzen da zurbil, ahoa okertuz. Ezin du
arnas hartu; bularraldea hautsiko zaio. Ziztadak jasanezinak dira. Eskua bihotzaren
gainean, begiak ixten dizkio oinazeak. Ez du oihurik entzuten: lurrera jausi orduko konortea galdu du.
Unai. Serio-serio begiratzen dio zortzi urteko begi urdin haiekin. Tomasek hatza
ezpainetara eraman eta keinu irribarretsu bat egiten dio, gaizkide: amatxori ez ezan
aitatxo emakume batekin biluzik harrapatu duzula.
Epailea gorpua altxatzera heldu aurretik, autoaren leihotik erdi zintzilikatuta lagatzen dute; odola tantaka dario. Semearen gorpua burdinetatik libratzen duten bitartean gauza bat besterik ez du gogoan: penarik ez, arindura. Gaurdanik sekretua gordeta dago.
Unairengandik banatzen zuen amildegia gerturatu da aise, itxi. Lubaki estua besterik ez zen; beranduegi jabetu da. Negarrez, anbulantziaren argi lotsagabeak gauaren
isilpekoak azaleratzen ditu txandaka. Unaik ihesean igaro zuen bizitza, ihesean hil.
Hutsa josten zaio biriketan; bat-batean, burua, hankak, besoak, atal guztiak ados
ipini dira oinazea eragiteko. Begiak zabalik ditu; ikus dezakeela konturatzen da: sabai zuria. Gizon bat gainean makurtuta. Lanpararen bonbilla bat erreta.
Gizonak airez puzten dio ahoa; Ormaechea, mugitu ezinik: porlanezko zerraldo
batean atxilo da, izoztuta. Tropela inguruan, Marijeren aieneak entzuten ditu.
-6-
Zer esango du jendeak? Jantoki batean konortea galtzea ere, a ze lotsa! Semeen
inpotentzia eta babesgabetasuna deskubritzen du; ez dira gai ezta aitaren azken hatsean ondoan eusteko ere.
Irudia lausotzen zaio. Behintzat lantegia ez diote jadanik suntsituko. Ironia: hil zorian dago eta bare sentitzen da. Ez du fabrika itxita ikusiko. Alabaina, denbora pixka bat, pixkatxo bat baino ez, eta... inperioa berraltxatuko luke!
Ezin: nekatuta dago, lehertuta. Esnatzeak, bizitzeak, borrokatzeak energia gehiegi
eskatzen dio. Itsasoan itotakoak, borrokan indar guztia xahutu ondoren, amore eman eta poliki-poliki urperatzen omen dira, betiko urruntzen den argiari so. Tomas ere beherantz doa, beherantz, etsita.
Tanzaniako safaria. Bai, paisaia berezia da eta brontzezko hanka horiek ahaztezinak
dira: Daniela. Alemaniako eskultura; senarrak eta Marijek hotelean deskantsatu bitartean, haiek arratsaldeko ibilalditxo bat egitera doaz. Modu natural batean sortzen da afera: begirada pizgarria, ukitze kasuala, bestearen gerritik aldentzen ez den eskua... Abenturak xarma berezia du: Danielaren ikusgarritasuna, elkar ez ulertzea edota bien gabeziak
sortua izatea, batek daki. Dena dela, izar iheskorra da, kementsu bezain labur.
Egun batzuk geroxeago, agurraren unean, Ormaechearen egoak ahuldade keinu
txiki bat espero du Danielaren begietan, irribarretsu eta neutral adio egiten dioten begi berde horietan. Emakume indartsua da eta Ormaecheak horrelakoak miresten ditu,
pertsonalitatea erakusten dutenak. Lehoiak ere eme boteretsua nahi du aldean: emea
ehizatzeko, arra lurraldea zaintzeko, elkarrekin erresuma osatzeko. Elkarrekin, ez elkarri atxikita, motorra eta sidekarraren antzera.
Hori bai: emakume indartsuak gustuko izan arren azkenean ahul batekin bukatu du.
Edo, hobe esanda, birekin: 20 urteren ostean, Amaia amoranteak Tomasen beharra du
bizirik irauteko —zentzu material eta ez-materialean—.
Konkista fasean, Napoleonek Josefina baten aurrean zegoela pentsatu zuen. Lagun
baten enpresa izan zuten agertoki: bulegora sartu eta idazteko makinarekin liskar
ankerrean ari zen errubiari segituan bota zion begia. Lehenengo aro loriatsua pasata eta behin amorante ofizial bihurtuta, Amaiak lana laga zuen Ormaechearen kontura bizitzera pasatzeko.
Denboraren poderioz barruko erlojuak amatasunaren aldarria egin zioenean, kexaka
hasi zitzaion Tomasen erruz ez zuelako inoiz burutuko. Honek, beti zirt edo zart eta aitzakia bat topatu izanak arinduta, harremana moztu egin zuen. Era berean eta gau horretan
bertan ihardetsi zion Amaiak: ordu txikitan deituz ontziko somnifero guztiak irentsi zituela aitortzeko. Negozio borobila Ormaechearena: bi kartzela baten prezioan.
Mugimendu zatar batek deliriotik esnatzen du: altxatu egin dute, mugitu ere bai. Zeru
urdin-urdin zabala, argia. Agian arazo bakarra bera izan da, emakume indartsuak
gutxiagotasun konplexuagatik urrundu izan baititu.
Sorgortzen da, lanbrozko linbo batean murgildu. Ez du ezer bereizten; entzuten,
ordea, bai: Corelli tenore mitikoaren ahots kementsuak abesten dio buruan. Antza, kanta gogokoak lagunduta zeharkatuko du azken ibilbidea.
Marijeri zor dio Pucciniren bitxikeria, askotan bezala: aberats-berri zirenez, pelikuletan dirudunek egiten dutena kopiatzea erabaki zuen, dena boladaka eta dena,
Ormaecheak doi bat muzin egin ondoren, berehala utziz: zaldi lasterketak, klub nautikoan izena ematea, golfa, leku exotikoetara bidaiatzea... eta, azkenez, opera. 'Turandot'
-7-
programatu zuten eta hara joan ziren dotore-dotore jantzita, Vienako urteberriko vals-en gisara.
Tomas laster eskapatu zen komunera garrasika zebiltzan mozorrotutako lerdoek
nazkatuta. Hori horrela, pasilloan erretzen harrapatu zuen azken ekitaldiko ariak. Nessun dorma! Nessun dorma! Inork ez dezala lo egin, ekin zion aingeruak. Tu pure, o principessa, nella tua fredda stanza, guardi le stelle che tremano d'amore, e di speranza! Barruko soka bat ukitu zion, biolin batena balitz bezala, negarraraziz. Dilegua, o notte! Tramontate, stelle! Tramontate, stelle!
Hiri osoa goitik behera zeharkatu zuen kanta horren bila. Geroztik, zenbat gau eman
zuen behin eta berriro aria hura entzunez, kuraiez hanpatuta. Bere une garratzetako kantu bihurtuko zen, berriz zutitzeko, borrokatzeko eta aurrera egiteko kemena batzen
lagunduko ziona.
Euforia batean, Corellirekin batera kantatzen du amaierako esaldia: All'alba vincerò!
Vincerò! Vincerò! Energiaz beteta, egunsenti eguzkitsu batean sentitzen da, libre, azkenean, libre. Garaipena nirea izango da!
Kolpe gogor bat jasotzen du bularraldean eta arnas hartzen du etsi-etsian, itsasotik
salbatu berria. Haragi errearen kiratsa usaintzen du, zorabiatuta sentitzen da. Gurutze gorrikoek kezkatuta begiratzen diote, erreakzio guztiak arretaz aztertuz.
Berehala desitxuratzen dira, egunerokotasuna itzungita. Bihotzaren taupadak
motelduz entzuten ditu; jaiotzetik narratzaile moduan lagundu dion ahotsa ere haiekin
batera iraungitzen da mantso-mantso. Tomas Ormaechea zenaren maisu-lana,
bizimodua, familia, oinordetza, harrotasuna, oinazeak, sekretuak, damuak, kateak...
denak batera desagertzen doaz.
Eta ikusten du: bizitzak elurretara eraman duela ikusten du azkenengoz. Are gehiago,
panterak lekutik kanpo jarduteko arrazoia ere barneratzen du: ihesean zebilen. Ezen
belaontzia, portuko soketatik solte, itsaso zabalerantz abiatuko da urperatzera.
Pantera bere burua askatu zuelako irten zen esparru natural eta erosotik: erronka,
bizipen edota abenturen bila, auskalo. Huts egin zuen, bai, baina Ormaecheak irribarretsu irudikatzen du hil zorian. Saiatu, behintzat, saiatu zelako.
Eta, elurretan betiko preso gelditzean, Ormaecheak konprenitzen du soilik erabateko
porrotak egiten duela libre. Ez lanak. Ez diruak. Ez maitasunak.
Beranduegi Unairi aitortzeko konprenitzen zuela.
-8-