Gabonetako ekintzak, prest

2015/12/02
Sartu gara abenduan. Gabon garaia gero eta gertuago dago, beraz, eta Zumaiako Udalak herriko Merkatari Elkartearekin hainbat ekintza antolatu ditu herria girotzeko.

Aste honetan bertan, herriko txoko desberdinetan jarri diren Gabonetako argaiak piztuta izango dira. Bihar, Abenduaren 3an, piztuko dira lehen aldiz, eta Errege Eguna pasatu bitartean argituko dute herria. Aurten, aurreko urtean bezala, Merkatari Elkarteak eta Udalak elkarlanean jarri dituzte argiak, eta gastuei aurre ere bien artean egingo diote.

 

Argiekin batera, ordea, kaleak girotzeko, erakusleiho lehiaketa ere abian da. Izen ematea irekita dago dagoeneko. Aurten, bi sari emango dira, alde batetik, epaimahaiaren saria egongo da; eta, bestetik, herritarren saria. Herritarren sarian parte hartzeko bozketarako aukera erakuslehio lehiaketan parte hartzen duten dendetan egongo da, eta edonork har dezake parte. Sari banaketa, abenduaren 31ean, Biko Lasterketako sari banaketarekin batera egingo da.

 

Zozketa eta erosketa txartelak 

Iaz arte, San Tomas Egunean otarrak zozkatu izan dira erosketaren bat egiten zuten pertsonen artean. Baina, aurten, berrikuntzarekin dator zozketa hori. Dagoeneko dendetan zozketarako zerrendak jarrita daude eta parte hartzaile guztien artean, abenduaren 30ean,  250 euroko balioa duten 4 opari txartel zozkatuko dira.

 

Zozketaz gain, erosketa txartelak ere jarriko dira salgai Zumartian Elkarteko dendetan gastatzeko. 40 euro ordaindu eta 50 euro gastatzeko 300 txartel jarriko dira salgai turismo bulegoan. Pertsona heldu bakoitzak txartel bakar bat erosteko aukera izango du ohi bezala.

 

 

Biko Lasterketan ere, aldaketak

Abenduaren 31ean egiten den Biko Lasterketa mixtoa ere aldaketekin dator. Alde batetik, aurten ez da bizikletan parte hartzeko aukerarik izango. Korrika edota patinetan egin beharko da ibilbidea. Eta, bestetik, banaka ere parte hartzeko aukera izango da. Datozen egunotan irekiko da izen ematea, eta zehaztasun guztiak orduan emango dira. 

(Argazkia: Juan Luis Romatet/Baleike)