Ondare geologikoari buruzko XI. biltzarra hasi da Euskal Kostaldeko Geoparkean

2015/06/10
Atzo hasi eta ekainaren 13ra arte, Ondare Geologikoari buruzko XI. biltzarrak estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorritako 150 aditu batuko ditu egunotan Zumaian, SGE erakundeak sustatuta.

 

Atzo hasi eta ekainaren 13ra bitarte, Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarra burutzen ari da Euskal Kostaldeko Geoparkean (Mutriku-Deba-Zumaia). Biltzarra Zumaian egingo da, hiru kokapen ezberdinetan banaturik: Aita Mari Zinea, Kultur Etxea eta Algorri Interpretazio Zentroa. Hain justu, 10. urteurrena ospatzen ari da aurten Algorri Zentroa.

XI. edizio honetan biltzarrak inoizko hartze hartze handiena lortu du, 150 adituk eman baitute izena, estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorriak.

SGE-ko Ondare Geologikoaren Batzordeak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute ekimena, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geologia eta Meatze Institutuak (IGME) diruz lagundu dute.

Biltzarraren irekiera ekitaldia atzo egin zen, ekainak 9, Zumaiako Aita Mari Zinean. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi; Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen; Zumaiako jarduneko alkate Iñaki Agirrezabalaga; IGMEko ordezkari Angel Garcia-Corte; eta SGEko presidentea, Marcos Aurell (beheko argazkian).

 

Ondoren, irekiera hitzaldia egin zen, “Geokontserbazioari eta geoparkeei buruzko elkarrizketak” izenburupean, Luis Alcala eta Jose Brilha irakasleen eskutik. Jose Brilha Universidade do Minhoko irakaslea (Braga, Portugal) eta ProGEO-ko presidentea da (European Association for the Conservation of the Geological Heritage); Luis Alcala, berriz, Teruelgo Multzo Paleontologikoko zuzendari gerentea da, Maestrazgoko Geoparkeko zuzendari zientifikoa eta Geoparkeen Batzordeko koordinatzailea.  Europako Geoparkeen Sareko Advisory Committee-ko kidea ere bada. Aurkezle eta moderatzaile lanetan Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa aritu zen.

 

Hurrengo egunetako egitarau zabala

Biltzarraren baitan, adituen hitzaldiak, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinkoa, lanen aurkezpenak eta Geoparkea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteerak egingo dira.

Denera 91 lan aurkeztuko dira biltzarrean. 22 ahozkoak izango dira, 65 posterrak eta 4 ikus-entzunezkoak.

Hitzaldiei dagokienez, gaur arratsaldean 17:45ean Zumaiako Aita Mari Zinean “Geoparkeko flyscha: afloramendu ikusgarri honen ikerlanaren mugarriak eta historia” hitzaldia eskainiko du Xabier Orue-Etxebarriak, EHUko Mikro-paleontologia Katedradunak eta Geoparkeko batzorde zientifikoko kideak.

Ondoren, 18:30ean, parte-hartzaileek irteera egingo dute, oinez, Zumaiako flyscha ezagutzeko (20:00ak arte).

Bihar, ekainak 11, 9:00etatik 18:30era, biltzarrean parte hartuko duten adituek Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko irteera egingo dute (Zumaia, Deba, Elorriaga, Lastur, Mutriku, Olatz…). Bisita honetan interesgune geologiko eta kultural garrantzitsuenak ezagutzeko aukera izango dute, baita azken urteotan promoziorako eta kudeaketarako egin diren aktuazioak ere. Hondartzak, itsaslabarrak, bailara ezkutuak, itsas-zaporea duten herriak… oinez, autobusez eta itsasontziz egingo dute bisita.

Ostiralean, hilak 12, 18:45ean, Zumaiako Aita Mari Zinean, “Ondare geologikoaren kontserbazioa, promozioa eta erabilera soziala” hitzaldia izango da, Antonio Cendreroren eskutik, Kantabriako Unibertsitateko kanpo Geodinamika Katedraduna, Ondare geologikoaren ikerketan aitzindaria eta zientzien akademiako kidea, besteak beste.  Eztabaida aurkeztu eta moderatuko du Luis Carcavillak, IGMEko ondare geologikoaren arloko ikertzailea eta gai honi buruzko hainbat argitalpenen egilea.

 

Amaitzeko, Urdaibaira irteera

Biltzarra ekainaren 13an, larunbatez, amaituko da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteera batekin. Euskal Herrian naturaren kontserbazio eta kudeaketa arloan ikono bihurtu da Urdaibai eta azken urteetan aktiboki landu du ondare geologikoa, biosferaren erreserben sarearen barruan erreferente bilakatuz. Irteera honetan egindako aktuazioak ikusi eta euskal kostaldean daukagun paisaje erakargarrienetakoa ezagutuko dute.