ZUMAIAK EZ DU INDARKERIA MATXISTARIK ONARTZEN

2016/11/30

Pasatu berria den Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eta, noski, indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin bat eginez, “Zumaiak ez du indarkeria matxistarik onartzen” lelopean panel berri bat ezarri du Udalak herriko sarreran gure herriak egoera honen aurrean duen jarrera azaltzeko.

Zoritxarrez, indarkeria matxista giza eskubideen aurkako bortxakeriarik hedatuena da egungo gizartean. Ehunka emakumek erasoak jasaten dituzten urtero eta sarritan umeak ere eraso horien biktima zuzenak izaten dira.

Zumaiako gizarte zerbitzuetan, esate baterako, indarkeria matxistaren zazpi kasu bildu dituzte 2016an eta datu horren alderdi kezkagarriena izan da tartean sartuta egon direla haurrak. Inork ez luke horrelako erasorik jasan edota bizi behar eta are gutxiago gure umeek.

Guztion ardura da berdintasunean, errespetuan eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzea, guztion ardura den bezalaxe indarkeria matxistaren aurka borrokatzea gure oinarrizko giza eskubideak edonola urratzen dituzten eraso edo gertakariak salatuz.

Udalak gogor borrokatzen jarraituko du Zumaian aipatutako berdintasuna, errespetua eta bakea bermatzeko eta argi utzi nahi du ez duela, inondik inora, ez emakumeenganako ez eta edonoren aurkako indarkeriarik onartuko.

Eraiki dezagun guztion artean indarkeria matxistarik gabeko herria eta bizi gaitezen guztiok elkarren arteko errespetu eta berdintasunean.