2017KO AURREKONTUETARAKO HERRITARREN PROPOSAMENAK JASOKO DITU ZUMAIAKO UDALAK

2016/10/25

Gaurtik abenduaren 1era bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenak helbide elektroniko bidez.

Udal gobernuak herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu, datorren urtean Zumaian garatuko diren proiektuek herritarren beharrei, eskaerei eta iradokizunei erantzun diezaieten.

Urtea amaierara iristen ari den honetan 2017ko udal aurrekontuen proposamenak lantzen ari da Zumaiako Udala, eta gobernu taldeak ezinbestekotzat jo du herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak ezagutzea.

Horretarako, udal gobernuak aurrekontuak2017@zumaia.eus helbide elektronikoa ahalbidetu du zumaiarren ekarpenak jaso ahal izateko. Ekarpenok gaurtik abenduaren 1era bitartean jasoko dira.

Ekimen honen bitartez gobernu taldeak herritarren iritziak ezagutu nahi ditu 2017. urteari begira udal aurrekontuetan jasoko diren proiektuek zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzun diezaieten.

Aurrekontuak lantzeko garaian, Plan Estrategikoaren baitan herritarrekin elkarlanean landutako proiektuak bidai orri gisa  erabiliko ditu gobernuak, bere hauteskunde programarekin batera. Eta aurrekontuetatik aparte ere, gobernuak aintzat hartuko ditu herritarren ekarpenak legealdian aurrera eramango diren proiektuak lantzeko, eta horrela guztion artean, Zumaia eta zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzeko.