2018ko ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak

2017/10/10

Udaleko diru sarreren eta gastuen arteko oreka mantentze aldera, KPIaren igoerari erreparatuz, datorren urteko zerga eta tasak %1,7ko igoera orokorra izango dute. Salbuespenen artean, Ondasun Higiezinen Gaineko zerga, Ekonomia Jardueren Gainekoa edota Gizarte Zerbitzuetakoa izoztuta mantenduko dira eta etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren kostua, aldiz, jatsi egingo da. Horrez gain, hainbat tasa berri ezarriko dira herriaren eta herritarren behar berriei erantzuteko.

Atzo arratsaldean egin zen ezohiko osoko bilkuran behin betiko onartuak izan ziren 2018 urteko ordenantza fiskalak. Hauek EAJ-PNVren udal gobernuaren eta PSE-EEren babesa jaso dute, EH Bildu berriz, abstenitu egin da.

Udalaren eginkizuna da urtetik urtera Udaleko diru sarrera eta gastuak berrikustea, ezinbestekoa baita Udalak ematen dituen zerbitzuen kostuen eta tasetatik jasotzen diren diru sarreren arteko oreka mantendu eta bermatzea. Ildo horretan, ordenantza fiskalak urtero berrikusi eta aztertzen dira eta aldaketak eta egokitzapenak izaten dituzte momentuko testuingurura egokitzeko.

Horiek horrela, herritarrei orain arteko kalitatezko zerbitzuak bermatzen jarraitze aldera, berrazterketa horri eta KPIaren %1,7ko igoerari erreparatuz,  hainbat zerga eta tasa inolako igoerarik gabe mantendu diren arren, beste hainbat ezinbestean igo behar izan ditu Udalak aipaturiko orekak mantendu ahal izateko. Horiek dira, besteak beste, trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga (turismo edo ziklomotorrak), uraren tasa edota kirol patronatuarena.

Zerga eta tasa esanguratsuenak:

Zergak:

  • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga izoztuta mantenduko da (ez da %75eko errekargua aplikatuko). Hobari guztiak berdin mantenduko dira.
  • Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga izoztuta mantenduko da.
  • Trakzio mekanikoko ibilgailuek %1.7ko igoera izango dute (turismo eta ziklomotorrak).
  • Jarduera ekonomikorako erabiltzen diren ibilgailuen (autobusak, kamioiak, traktoreak…) zerga izoztu egingo da, tokiko ekonomia babestu eta bultzatzeko xedez.
  • Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) izoztuta mantenduko da.
  • Ibilgailu bakarra duten familia ugariei %50eko hobaria emango zaie.

Tasak: 

  • Zabor zerbitzu bilketa tasa Urola Kosta Udal Elkartetik kudeatuko da (zerbitzu mankomunatua).
  • Ur horniduraren tasa %1,7 igoko da.
  • Kirol Patronatuko tasa %1.7 igoko da. Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) edo Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) onuradunen seme-alabek 2018an ere ez dituzte kiroldegiko tasak eta udaleku edo ludotekakoak ere ordainduko. 
  • Musika zerbitzuen tasa %1.7 igoko da.
  • Gizarte Zerbitzuetako tasa izoztuta mantenduko da.
  • Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren kostua jaitsi egingo da (17.5€tatik 16€tara lanegunetan eta 18.5€tatik 17€tara jaiegunetan).
  • Udal jabari publikoaren erabilera %1.7 igoko da. Azoketako eta herri jaietako postuen tasa egokitu egingo da.
  • Udalekuen tasa %1,7 igoko da.
  • TAO/OTA: urteko egoiliar txartelaren igo egingo da: 25€/txartela eta 35€ bigarren txartela eta 45€tan hirugarren txartela. Ordenantza fiskala indarrean jarri ezean hartutako neurriak dira, behin dokumentu berria onartzean, ordenantza aldatuko da.
  • Bidaiarien garraio zerbitzuaren tasa izoztu egingo da.

Berrikuntzak:

  • Animalia arriskutsuak edukitzeko lizentzia tasa: 155€.
  • San Telmo ermitan ezkontzeko tasa: 170€
  • Udalarenak diren beste lokalen erabilera tasa (adibidez Aita Mari zinema): 48€ egun erdia eta 91€ egun osoa.

 

Behin-behineko ordenantza fiskalen dokumentua hemen