APARKAMENDUAREN GAIA JORRATZEKO HERRITARREKIN EGINDAKO BILEREN PARTAIDETZA ALTUA ESKERTU DU UDALAK

2017/01/22

Zumaiar asko hurbildu dira aste honetan zehar Udalak aparkamenduaren egoera antolatzeko landu duen proiektu proposamena ezagutzera eta honen inguruan iritzia eman eta ekarpenak egitera. Ideia eta proposamen horiek aztertu, behin betiko dokumentua osatu eta ekainean sistema martxan jarri ahal izateko pleguak idaztea izango dira prozesu honen baitan Udalak emango dituen datozen urratsak.

Zumaiako Udalak bere esker ona adierazi du herriko aparkamendua antolatzeko aste honetan herritarrekin eta merkatari zein ostalariekin egindako bilerek izandako partaidetza altuagatik. “Guztiz eskertzekoa da aste honetako bileretan, zein aurretik egindako guztietan, zumaiarrek izan duten inplikazio, arreta eta parte hartzea, horri esker ezagutu ahal izan baititugu auzotar guztien kezka, proposamen eta iradokizunak” adierazi du alkateak, Oier Kortak.

 

Azken urteotan, bereziki uda sasoian, herrian aparkatzeko atzeman diren arazoak aintzat hartuta, gogor heldu dio Udalak aparkamenduaren egoera antolatu eta hobetzeari. Gaiak zumaiarren egunerokotasunean eragin zuzena duela kontuan izanik, prozesuari hasiera eman orduko ezinbestekotzat jo zuen herritarrekin bildu eta haien behar, iritzi eta proposamenak gertutik ezagutzea, herriaren zein herritarren egungo mugikortasun eta irisgarritasun beharrei egokitutako proiektua landu ahal izateko.

 

Horiek horrela, 2016ko irailean hasi eta urtarrila bitarte 8 bilera ireki egin ditu Udalak herritarrekin. Horiei esker, eremuz eremu Zumaiako auzo guztietako bizilagunekin bildu ahal izan du landutako proiektu proposamenaren berri eman eta haien iradokizunak jasotzeko.

 

Datozen urratsen artean, zumaiar ororen ekarpenak aztertu eta herriko aparkamendua arautuko duen behin betiko ordenantza osatuko du. Horren harira, aipatutako ordenantza “bizirik dagoen dokumentu bat” izango dela adierazi du. “Gure lan ardatza zumaiarrak dira eta aparkamendua arautzeak haien egunerokotasunean eragin zuzena izango duela jakinik, herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko moldatu ahal izango den dokumentu eta sistema ireki bat landu nahi izan dugu”, azaldu du Kortak. Ordenantza osatu bitartean, herritarrek mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikora bidali ahal izango dituzte haien ekarpenak.

 

Sistema berria ekainean  (hondartza denboraldiaren irekierarekin batera) jarri nahi du martxan Udalak. Lehenik eta behin Zubitxikitik alde zaharrera doan eremuan ezarriko du eta horretarako martxorako osatuko ditu esleipena egin ahal izateko baldintza pleguak. Halaber, 2018rako sistema hori herri osoan martxan izatea aurreikusten du. 

 

Proiektu proposamenaren nondik-norakoak

 

Zumaiako aparkamenduaren antolamendua zuzendu eta hobetzea da Udalak 2017rako aurkeztu duen mugarri nagusienetako bat. Gauzak horrela, landutako proposamenak helburu du urte osoan zehar eta bereziki uda sasoian herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna erraztea eta aipatutako aparkamenduaren egoerari irtenbidea ematea, betiere, auzo bakoitzeko egoiliarrak lehenetsiz.

 

Esan bezala, lehenik eta behin Zubitxikitik alde zaharrera doan eremuan ezarriko du sistema berria. Horiek horrela, bertako auzo eta kaleetako aparkaleku gehiengoak egoiliarrentzat izatea proposatu du Udalak. Aurkeztutako dokumentuak, 4 gunetan banatzen du aipatutako eremua: 1- Ardantzabide, 2- San Jose-Erribera-Moila, 3- Larretxo eta 4- Julio Beobide- Amaia plaza- Ondartxo. Egoiliarrek gune horietan guztietan aparkatu ahal izango dute, Larretxon izan ezik. Bertan auzoko bizilagunek soilik aparkatuko dute, baina era berean, haiek ezingo dute ibilgailua gainerako egoiliar guneetan utzi.

 

Era berean,  Txomin Agirre Kaiaren zati bat errotazio altuko gune izatea planteatu du Udalak, herritarrek erdiguneko saltoki eta banketxeetan enkarguak egiteko eremu horren irisgarritasuna erraztuz. Bertan aparkatu ahal izateko denbora oraindik zehazteke badago ere, hasiera batean, ordu eta erdikoa izatea proposatu du. Guztira 81 aparkaleku izango lirateke errotaziokoak, gainerakoak, noski, egoiliarrentzat izango dira. Dena den, aparkaleku horietan ere zumaiarrek doan aparkatu ahal izango dute, betiere makinan tiketa aterata.  

 

Horrez gain, Julio Beobide ibiltokia (Paol bidea) TAO sistemaz erregulatutako gune izatea proposatu du, baina alde zaharrak duen egitura antolaketa aintzat hartuz eta eremu honetan egun dauden aparkaleku zein garaje pribatu kopurua murritza dela jakinik, egoiliarrek 24 orduz doan aparkatu ahal izango dute bertan. Halaber, bertan bizi ez diren zumaiarrek ere ibiltokian 5-6 orduz doan aparkatzeko aukera izango dute, makinan tiketa aterata.

 

Neurri horien bitartez, kanpotik datozen autoak estazioko industria gunera edo kirol portuko aparkalekura bideratu nahi ditu Udalak, erdiguneak bereziki udan jasaten duen trafiko gorakada murrizteko.  Honenbestez, sistema hori martxan  egongo da erdigunean hondartza sasoiak irauten duten bitartean, ekainaren 15etik irailaren 15era, alegia. Ardantzabiden, ordea, urte osoan zehar mantenduko da. 

 

Amaitzeko, gaiari ikuspegi zabalagoa eskaini nahi izan dio Udalak eta egungo aparkamenduaren antolamendua hobetzeaz gain, zumaiarren artean mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatu eta oinezkoei lehentasuna eman nahi die, herriko kaleetan zehar haien segurtasuna hobetu eta bermatzeko eta bide batez, Zumaia herri jasangarri bilakatzeko apustuan, hirigunean autoz egiten diren desplazamenduak ere gutxitzeko.