AURTEN ERE ZUMAIA FITURREN IZAN DA

2017/01/22

Turismoko zinegotzi eta teknikaria, Jon Iraola eta Esti Irureta izan dira Euskadiko standean Zumaiako ordezkari gisa. Gure herriko turismo eskaintza aurkezteaz gain, Euskal Kostaldeko Geoparkearen ordezkaritzan, Deba eta Mutrikurekin batera Europako UNESCO Geoparkeen Sareak izan duen standean egon dira Geoparke guztietako ordezkariekin.

Urtarrilaren 18an eman zitzaion hasiera Fitur Nazioarteko Turismo Azokari Madrilen. Hilaren 22a bitartean munduko herrialde ezberdinetako ordezkariak biltzen dira bertan herri eta hiri bakoitzeko turismo eskaintza aurkeztu eta partekatzeko. Eta, azken urteotan bezala, herrialde horietako bat Zumaia izan da.

Bertan izan dira turismo zinegotzi eta teknikaria, Jon Iraola eta Esti Irureta Zumaiako turismo eskaintzaren berri ematen Euskadiko standean.

Halaber, aurtengo edizioan, Euskal Kostaldeko Geoparkearen izenean, Zumaiak, Deba eta Mutrikurekin batera, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak izan duen txokoan egoteko aukera izan du, non, Europako gainerako 69 Geoparkeen ordezkariekin, Geoparkeek egiten duten kalitatezko turismo jasangarri eta berritzailearen aldeko apustua ezagutarazi duten.

Bertan Nazio Batuen erakundeak hasiera eman dio Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko urteari eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen kide gisa, Zumaiak, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearekin batera, ekimen berri honekin bat egin du. Era berean, bere babesa eman dio urtean zehar turismo jasangarriaren alde aurrera eramango den ekintza egitarauari.

Bisitarien igoera nabarmena Geoparkean

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak bisitari kopuruaren igoera nabarmenarekin amaitu du 2016. urtea. Guztira, 14.076 lagunek parte hartu zuten iaz Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan; aurreko urtearekin alderatuz %44 gehiago.

Zumaiako, Debako eta Mutrikuko udalerriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea. Aparteko ondare geologikoa, naturala eta kulturala du eta turismo jasangarri eta geoturismo eskaintza berritzaile eta onenetarikoa eskaintzen du Euskadin. Egunotan Geoparkeak astebururo ditu bisita gidatuak, bertako herritar zein bisitariei Lurraren historia zirraragarria, paisaiaren edertasuna eta hiru herrietako kultura hurbiltzea helburu dutenak. Aldi berean, Geoparkea badabil 2017 urte osoko egutegia eta programa prestatzen.