Eduardo Laborderen "Jauregi berrikusiak" erakusketa ikusgai Oxford aretoan

2017/09/07
Erakusketa irailaren 9tik 24a arte egongo da zabalik, arratsaldero, 18:30-20:30 bitartean

JAUREGI BERRIKUSIAK EGITASMOA (Eduardo Laborderen hitzetan)

2015 urtean San Petersburgon izan nintzen Plácido Díez idazle eta adiskidearekin. Han Hermitage Museoa eta Errusiako Margolaritza Museo Nazionala bisitatu genituen, bietako bildumak oso gomendagarriak baitira margolaritza maite dugunontzat.

Hermitagen Nikon D800 kamera hartu eta argazkiak atera nizkien kadmio-gorri biziz margotutako areto bikainei eta urre koloreko lanpara erraldoiei; gainera, astia izan nuen inperio estiloko jarlekuetan eseri eta maisulanei begira egoteko.

 Aurrerago Fermín García Sevilla maisuarekin margolaritza ikastaroa egin nuen Conilen (Cádiz), eta hango argiaz blaitu nintzen, hondartzei so nengoela.

 2016 urtean berriz, Kanbodiara jo nuen, Angkor Wat-eko tenpluak bisitatzera. Bereziki deigarria egin zitzaidan ‘Angelina Jolieren tenplua’ esaten diotena — han filmatu zuten Tomb Rider pelikula—; ehunka urteko arbolak, eraikin eta harresien hondakin artean.

 Urte hartan bertan Lisboan izan nintzen, Iñaki Garralda laguna ezkondu aurreko agur-festan. Aukera paregabea izan zen Portugalgo hiriburu inguruko jauretxeak bisitatzeko; bi jauregi hain juxtu, Ajuda eta Queluz, ‘Versalles txikia’ ere deitua, lorategi aparta duelako.

 Azkenik, Bordeleko zaharkin dendetara bidaia arin-arina egin, eta halaxe osatu nuen argazki artxibo egokia konposizioa lantzen hasi ahal izateko.

 Buruan nerabilen asmoa zen jauregietako aretoak modu berritzailean interpretatzea: masa kulturako osagaiak gehitu —pop art eta kitsch elementuak— eta David Teniers, Willem Van Haecht eta Jan Brueghelek egiten zuten kabinete-margolaritzarekin nahastea. Emaitza nouvelle cuisineko entsalada freskagarria da, zentzumenak inarrosi eta emozioak sortzen dituzten gozagarriz betea.