Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

2017/11/24

Azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, Zumaiako Udalak gaitzespenik sendoena adierazi nahi die emakumeen kontra egiten diren indarkeria adierazpen guztiei. Ildo horretan, honakoa adierazi du:

“EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala dela, eta gure konpromiso politikoa agertzen dugu indarkeria matxistatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta indarkeria matxistaren artean.

Indarkeria matxista desagerrarazteko argi dago oinarrira jo behar dela. Horrela, batzuetan ikusezinak diruditen indarkeria mota desberdinak identifikatu eta sustraitik moztu egin beharko lirateke. Horren adibide da indarkeria sinbolikoa, hau da, komunikabideetan, publizitatean edo musikan  eragindako indarkeriak. Ezin dugu ezta inolaz ere ahaztu guzti horretan gutako bakoitzak daukan ardura.

Beraz, beharrezkoa da indarkeria-adierazpenen arrazoietan sakonduko duen ahalegin bat egitea, emakumeen ekiteko ahalmenak onartuz, haien sinesgarritasuna  lehenetsiz eta erruduntasuna gaitzetsiz,  eta indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izan daitezen lagunduz. Eta horretarako ezinbestekoa da gure gizarte eredu patriarkalaren egitura aldatzea.

Indarkeria matxistak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia, eta erreparazioa, betiere, birbiktimazioa saihestuz.

Indarkeria matxistatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea sartzea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta horren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai horien topagune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.

Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.

Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin eremutik aurre egitea sortzen edo babesten ari den indarkeria matxista amaitzeko: erakunde publikoak, kultura-eragileak, komunikabideak, lan-arloko eragileak eta eragile ekonomikoak. Baina pertsonek, familiek, adiskideek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere zuzeneko erantzukizuna dute.

 

Horregatik guztiagatik, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:

1- Gure konpromisoa agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.     

 2- Gure konpromisoa Zumaiako Udalean plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.

3- Gure konpromisoa 2018ko aurrekontuak definitzeko unean, Berdintasun sailari beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak emateko, eta sail hori egonkortu eta indartzeko.

4- Gure konpromisoa hezkuntzako eragileei zuzeneko deia egiteko,  curriculum lerroetan genero berdintasuna sar dezaten.

5- Gure konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.

6- Eta gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea.

Hau guztia dela eta, zumaiar guztiei  egiten diegu dei azaroaren 25erako Zumaiako Udalak Berdintasun Foroarekin batera deituriko mobilizazioetan parte har dezaten.  Baita azaroaren 25erako antolatutako programazioan ere.