Enpresa Euskaraz Handitzen proiektua aurkeztu da gaur Urola Kostako Udal Elkartean

2017/11/23

Aipatu proiektuaren helburua da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematea. Programak bi urteko iraupena izango du eta guztira 70.541,79 euroko aurrekontua erabiliko du Udal Elkarteak programa garatzeko.

Enpresa Euskaraz Handitzen

Imanol Urbieta zenak ondo idatzi zuen bezala, euskara txikia izanik ere asko maite eta egin dezakegu gure hizkuntzaren alde. Abesti ezagun hau oinarri hartuta, gure eskualdeko enpresa txikiak euskaraz handitu nahi ditugu. Honela, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikietan euskararen erabilera sustatu nahi dugu, euskararen erabilera handituz, enpresa bera ere handituko baita.

Izan ere, euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea guztion zeregina eta ardura da, eta Urola Kostako Udal Elkarteak baditu baliabideak herritarren esku. Aurkezpen bideoan agertu nahi izan dugun eran, keinu txikiak izanagatik ere, aldaketa handia daiteke.

 

Enpresa txikiak

Modu honetan, 10 langiletik behera dituzten enpresak hartu ditugu oinarri eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak dituzten tresna eta erremintak eskainiko dizkiegu:

  • bezeroekiko harremanetarako oinarrizko euskarri eta dokumentuak euskaraz jartzeko laguntza, oinarrizko zerbitzuak euskaraz egoki eskaintzeko
  • lana euskaraz egiteko urratsak emateko laguntza eta aholkularitza…

Horretarako, lehenbizi bi saio praktikotan hartu beharko dute parte. Ahize-Aek aholkularitza-etxeak eskainiko ditu saioak eta ondoren laguntza eta aholkularitza indibiduala eskainiko zaie enpresei, erabaki dituzten urratsak ematen laguntzeko.

 

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresentzat

Programa honetan parte har dezakete Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiek (10 langile artekoek), sektorea eta jarduera edozein izanik ere.

Lehen deialdi honetan, hala ere, deialdi berezia egiten zaie hiru arlo hauetako enpresei: estetika zentroak eta ile-apaindegiak; osasun arloko zerbitzu enpresak; eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak.

 

Saio praktikoak eta laguntza enpresaren premien arabera

Saio hauetan euskara eta hizkuntzak nola kudeatu, euskarak duen balio erantsia herritar eta bezeroen aurrean azaldu eta enpresetan zer egin dezaketen aztertuko dute, zehatz-mehatz. Saio horiek azaroaren 28 eta 29an eta abenduaren 12 eta 13an izango dira.

Bi saio hauen ondoren, aholkularitza eta laguntza indibidualaren txanda etorriko da. Proiektuaren zati honetan, enpresa bakoitzean zein neurri hartu eta landu zehaztu eta adostuko dugu eta erabakitako lanak egingo ditugu, adibidez: itzulpenak, testu-ereduak egokitu, errotulazioa euskaratu edota softwarea euskaraz jarri.

 

Informazioa eta izen-ematea

Parte hartu nahi duten enpresek izena eman behar dute, Udal Elkartearen webgunean dagoen formulario erraz bate betez edo helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz: handitzen@urolakosta.eus

Guztiok egiten dugu Urola Kosta euskaldun, eta segi dezagun horretan. Zabaldu ditzagun euskararen ateak, gure hizkuntza eta gure enpresak handituz.