Kanpaikadak aurten Zumaiatik!

2016/12/03

San Telmoko ermita izango da 2017. urteari ongietorria emateko EITBren aurtengo agertokia. Horrez gain, ekintza egitarau aberatsa antolatu du Udalak Zumaia zein zumaiarrak Eguberri giroan murgildu eta guztiek jai egunez gozatzeko. Besteak beste, musika bandaren kontzertua, Gabon abestien lehiaketa edo umeen Gabonetako parkea izango dira.

Eguberrien atarian eta urtea amaitzeko hilabete eskas gelditzen delarik, zer hobe 2016a Zumaiatik agurtzea baino?

Badirudi gauza bera pentsatu duela EITB telebistak eta, Orio Produkzioak ekoiztetxearen bitartez, Udalarekin harremanetan jarri da haien aurtengo  kanpaikadak Zumaiako San Telmo ermitatik eman ahal izateko.

Horiek horrela, San Telmo, EITBk urtea amaitzeko eskainiko duen saio bereziaren agertoki bilakatu da. Mikel Pagadi, Zuhaitz Gurrutxaga “Herri Txiki, Infernu Handi” saioaren aurkezteak eta Sara Gandara kiroletako aurkezleak Zumaiara gerturatuko dira urteko azken egunean, eta zuzenean aurkeztuko dituzte, Euskal Telebistako bi kateetan, 2016a agurtu eta 2017ari ongietorria emateko kanpaikadak.

Saio horren atarian, aipatutako “Herri Txiki, Infernu Handi” programa berezia eskainiko da ETB1en, non Zuhaitz zein Mikel aurkezleak zumaiarrekin solasean arituko diren. Horretarako, hilaren 31a baina bizpahiru egun lehenago aurkezleek zein programaren ekoizle den Orio Produkzioko kideek Zumaia eta San Telmo ingurua bisitatuko dituzte urte amaierako saioa girotzeko irudi bila.

Honen harira, EITBk adierazi du 50-60 lagun inguruko talde bat osatuko duela egunean bertan kanpaikada saioa San Telmotik zuzenean bizi ahal izateko. Interesdunek kaixo2017@eitb.eus helbide elektronikora idatzi ahal izango dute.

Ekintza egitarau aberatsa Eguberrietan Zumaian

Halaber, herria zein herritarrak festa giroan murgiltzeko ekintza-egitarau zabala antolatu Udalak hilabete osorako. Horiek horrela, asteburuan Gabonetako argiak piztuko ditu Zumaiako kaleak alaitzeko. Gainera, aurten, berrikuntza gisa, Larretxo eta Moilaberriko zubia ere argiztatu ditu.

Bestalde, abenduaren 21ean Santo Tomas festa ospatuko da Alai Auzategian eta 23an, Musika Bandaren Gabonetako kontzertua eskainiko da arratsaldeko 19:00etan Alondegian. Honen harira, Bandak azaroaren 19an eskaini zuen Danteren La Divina Comedia saioak izandako arrakasta ikusirik, abenduaren 17an ekitaldia berriro errepikatuko du Komentuan, Esti Curiel aktorearekin batera.

Urtero bezala, abenduaren 24an Olentzero etorriko da Zumaiara eta Institutu parean hasita, kantuan ibiliko da haurrekin herriko kaleetan zehar. Arratsaldean aldiz, Gabon abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan Erkibe Kultur Elkarteak antolatuta.

Era berean, urte amaieraren atarian, hilaren 30ean, alegia, bertsolari gazteen saioa izango da Oxford aretoan eta urteko azken egunean San Silbestre VII. Biko lasterketa mistoa herriko gazte zein helduentzat.

Halaber, aipagarria da aurten berrikuntza gisa Gabonetako haur parkea jarriko duela Udalak hilaren 27 eta 28an herriko kiroldegian. Sarrera 2€koa izango da eta ordutegia aldiz, 11:30-13:30 eta 16:30-19:30 bitartekoa. Parkean puzgarriak, txiki zein gazte txokoak eta hainbat tailer egongo dira, besteak beste.  

Ongi etorri 2017

2016. urtea San Telmo ermitatik agurtu eta urte berriari ongi etorria eman ondoren, Erregeen bisita prestatzen hasiko da Zumaia. Horrela, urtarrilaren 4an, haurrek Erregeei idatzitako eskutitzak jasoko dira Eusebio Gurrutxagan eta hilaren 5ean, iaz bezala, dromedario gainean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Zumaiara, arratsaldeko 18:30etan.

Tokiko merkataritza indartuz

Halaber, tokiko merkataritzari bultzada emateko, erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere Udalak Zumaiako Merkatari Elkartearekin batera. Lehiaketaren helburua da saltokiek Eguberrietan erakusleihoak apaintzeko egiten duten lana eta esfortzua eskertu eta balioan jartzea.  Lehiaketaren Sari banaketa abenduaren 30ean eta 31an egingo da. Halaber, hilabetean zehar, bete hainbat zozketa eta sari ere banatuko dira.

Elkarlan honen bitartez Udalak herriko merkataritza babestu eta indartzearen aldeko apustua berretsi du eta bide batez dei egiten die zumaiarrei Gabonetako erosketak herrian bertan egin ditzaten.