GIZARTE HELBURUA DUTEN HIRU ELKARTEREN ARTEAN BANATUKO DU UDALAK KOMENTUKO ATERPETXEAREN KUDEAKETAGATIK JASOTAKO DIRUA

2016/12/26

Lehen donazioa Zumaiako Errefuxiatuen taldeak jaso zuen abenduaren 23an eta datozen egunetan Lourdesko Amaren Abegi Elkarteari eta Atzegiri emango dio Udalak gainerako diru laguntza

San Jose komentuko aterpetxearen kudeaketagatik 5.500€ jaso ditu aurten Udalak eta diru kopuru hori gizarte helburua duten hiru elkarteren artean banatzea erabaki du. Horrela, Zumaiako Errefuxiatuen taldeak jaso zuen abenduaren 23an lehen donazioa eta datozen egunetan Lourdesko Amaren Abegi Elkarteak eta Atzegik jasoko dute gainerako diru laguntza.  

Udararo bezala, Zumaiak, Gipuzkoako kostako Donejakue bidearen baitan egonik, ostatua eskaini die komentuko aterpetxean herritik igaro diren erromesei. Aurten, ordea, aldaketa bat egon da aterpetxeko kudeaketan eta Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen elkartea izan da horren arduradun berria. Elkarte hori bolondresez osatutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, beraz, kudeaketa guztiz doakoa izan da eta eredu berri horrekin, ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte, borontadezko dohaintza truke lo egin ahal izan dute bertan erromesek.

Horiek horrela, Donejakue Bide Lagunen elkarteak donazio horietatik jasotakoaren %30a eman dio Udalari gizarte ekintzetara bideratzeko eta emandako hitza beteaz, Udalak diru laguntza hori aipatutako hiru elkarteren artean banatu du.

Ekimen eta donazio horren bitartez, Udalak bat egin nahi izan du elkarte horien helburuekin eta bere laguntza eskaini du haien asmoak lortu eta behar gehien duten pertsonei laguntzen jarraitzeko.