Herrian dauden hezkuntza publikoko erakikinen arduradunekin bildu da Udala haien eskaera eta beharrak ezagutu eta jasotzeko

2017/10/20

Hezkuntzako eraikin publikoen mantenua Udalaren ardurapekoa da. Beraz, bilera horien helburua eskolen eta Udalaren arteko elkarlana estutzea eta sistematizatzea izan da. Horren ondorioz, besteak beste, 2018ko aurrekontuei begira, haurreskoletako mantenurako jasotako kontu saila bikoiztu egingo duela aurreratu du Udalak.

Bilera horiekin lan egiteko modu berri bati hasiera eman zaio. Orain arte ez bezala, hemendik aurrera Udalak eta eskolak modu antolatuagoan eta sistematizatuagoan ariko dira elkarlanean. Eskolen beharrak Udalari adierazteko bide zuzenagoa eta eraginkorragoa ahalbidetzen da horrela eta modu berean egingo da itzulerako bidea ere. Alegia, eskolek ere zuzenean jasoko dute Udalaren asmoen berri.

Lehengo bilera hauek, 2018ko aurrekontuak prestatzen hasi aurreko urratsa izan dira. Udalak eskolen eskakizun guztiak jaso ditu eta horren arabera moldatuko ditu aurrekontuak herriko haurren heziketa bezain gai garrantzitsu batean ahalegin berezia eginda.

Horren ondoren, eskolei jakinaraziko zaie aurrekontuetan zer jasotzen den eta egin beharreko lanak zein lehentasunen arabera egingo diren. Era berean, lanen gutxi gorabeherako kronograma bat ere helaraziko zaie interesdunak diren aldetik zer eta noiz egingo den jakin dezaten. Bide horretan, esaterako, datorren urteari begira haurreskoletako mantenurako jasotako kontu-saila bikoiztu egingo duela aurreratu du Udalak.

Horrekin guztiarekin, modu jarraituagoan eta zuzenagoan erantzungo zaie dauden beharrei, orain arte bezala unean unekoari aurre egin ezinik ibili beharrean. “Hezkuntza etorkizuneko giltzarria da, beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu arlo horri arreta berezia eskaintzea eta egungo behar eta aldaketei aurre egiteko udal baliabideak eskolen eskura jartzea”, amaitu dute Udaletik.