Igandeko Flysch Trail lasterketarako guztia prest

2015/07/02

Igandean izango da Flysch trail lasterketa, aurten, ohi baino gogorragoa eta luzeagoa izangoda parte hartzaileentzat nazioarteko proba izateko pausoa eman baitu lasterketak. Aurreikuspenen arabera, eguraldi ederra izango da parte hartzaile zein lasterketa ikustera joan nahi dutenentzat.

Lehengo astean aurkeztu zuten aurtengo Flysch Trail lasterketa Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan, aurtengo berrikuntzakezagutarazteko. Zumaia flysch Trailek pauso bat gehiago eman du aurtengorako, eta nazioarteko mailako lasterketa izango da, ISF erakundeak antolatzen duen Skyrunner National Series txapelketako parte izango baita. “Zegamako lasterketa Champions-ean badago, gu aurten UEFAra igo gara”, azaldu zuen antolaketa taldeko buru Bosco Garitanok.

Mailaz igotzeko ibilbidea luzatu eta gogortu behar izan dute. Maratoiko distantzia izango du lasterketa nagusiak (42,2km) eta maratoi erdikoa lasterketa laburrak. Lasterketa nagusian, gainera, Andutz mendia sartu dute tartean: “Lasterketa beti izan da oso azkarra, ez zuelako mendi garairik tartean. Aurten Andutz sartu dugu eta horrek asko baldintzatuko du lasterketa planteatzeko modua”, azaldu zuen ibilbideko arduradun Iñigo Saenzek.

Ibilbidea luzatzean, baliabide gehiago behar izan dira dena ondo antolatu ahal izateko. Horrela, aurten 300 boluntario baino gehiago izango dira lanean lasterketaren egunean, horien artean Andutzeko zatia zainduko duen Itziarko talde bat. Korrikalarien osasunaz arduratuko den 17 lagunez osatutako talde profesionala osatu da, eta bost anbulantzia ere izango dira erabilgarri.

Parte-hartzaileei dagokienez, honako hauek dira aipagarrienetako batzuk: gizonezkoetan, Bryan McPerson estatubatuarra, Andre Filipe Castro portugaldarra, Zaid Ait Malek marokoarra, Manuel Merillas, Alfredo Gil, Raul Garcia eta Antonio Alcalde espainiarrak, eta Egoitz Aragon, Iker Oliveri, Iban Letamendia, Imanol Larrañaga eta Iñaki Uribeetxeberria euskaldunak; emakumeen artean, Irina Strugova errusiarra, Azahara Garcia espainiarra, eta Oihana Kortazar eta Montse Vazquez euskaldunak. Proba Munduko sailkapeneko puntuagarria da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurrera begira Europako Txapelketan sartzea da lasterketaren helburua.