IRAILAREN 28AN AURKEZTUKO DA 2015-2025 ZUMAIARA BOGA PLAN ESTRATEGIKOA

2016/09/23

Planak 4 lerro estrategikotan kokatutako 79 proiektu jasotzen ditu eta helburua du guztion artean etorkizuneko Zumaia eraikitzea.

Datorren asteazkenean, hilak 28, Biharko Zumaiara Boga 2015-2025 Plan Estrategikoaren emaitzak aurkeztuko zaizkie herritarrei arratsaldeko 18:00etan, Alondegian.

Planaren helburua da zumaiarren herri eredua zehazteko ibilbidea garatu eta guztion artean etorkizuneko Zumaia eraikitzea. Horretarako, 79 proiektu jasotzen ditu, guztiak 4 lerro estrategiko nagusiren baitan kokatuak: Zumaia bizitzeko herria, elkarrekin bizitzeko herria, lan egiteko herria eta mundura irekita dagoen herria.

Plana 2015eko irailean hasi eta 2016ko iraila bitartean landu da.  Udalerriaren egoera zein den ezagutu eta diagnostikoa egiteko hainbat pertsona elkarrizketatu ondoren, 18 bilera egin dira eta horietan alboz albo lan egin dute udal ordezkari politikoek, teknikariek eta zumaiarrek, guztira, ia 200 laguneko taldea osatuz. Era berean, bilera hauetan jasotako herritarren ekarpen eta proposamenak aztertzeko lanketa politiko eta teknikoa ere egin dute udal teknikari eta politikoek. 

Horrekin lotuta, Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesuan zehar parte hartu duten guztiei beren inplikazio, lan eta esfortzuagatik, eta bide batez,  herritarrak animatzen ditu asteazkenean Elhuyar Aholkularitza enpresarekin batera Alondegian egingo duen aurkezpenera hurbil daitezen.