Mariren bizitza eta bizipenak jasotzen dituen liburua aurkeztu dute Zumaiako eta Donostiako Udalek

2017/12/04

Haren heriotzaren 150. urteurrenaren harira idatzitako liburua da, Mariren esentzia eta haren biziaren eta bizipenen benetako funtsa islatzen dituena. Hilaren 19an aurkezpen irekia egingo da Zumaian eta herritarrek idazleen solasaldiaz gozatzeko aukera izango dute.

Jose Mari Zubia, “Mari” itsasgizon trebea izan zen. Zumaian jaioa, Donostian egin zituen bere bizitzako urte gehienak eta haren pasadizo eta bizipenek itzala utzi dute bi udalerrietan. Zumaian, esaterako, kale, zinema eta auzo bati ematen dio izena eta horrez gain, bertan zein Donostian ere, harrizko irudi propioa du.

2016an 150 urte bete ziren hil zenetik eta horren harira, Zumaia zein Donostiako Udalek ekintza eta ekitaldi bereziak egin dituzte Mari omentzeko. Haren heriotzaren urteurrenean, esaterako, ekitaldi berezia egin zioten bi udalerriek Donostian eta horrez gain, Zumaian, haren irudia zaharberritu eta omenaldi festa ospatu zuten iazko uztailean.

Hortaz haratago, Zumaiako Udalak urrats bat gehiago eman nahi izan zuen Mari herrikide zumaiarra omentzeko eta bide horretan, herriko kultur mahaian, haren bizitza eta bizipenak jasotzen zituen liburua osatzeko egitasmoa sortu zen. “Ehunka pasadizo eta bizipeneko itsas-gizona izan genuen Aita Mari eta haren abentura, balentria eta istorioak urtetan zehar bizirik iraun badute ere, guzti horiek liburu batean bildu eta jaso nahi izan ditugu, haren bizitzaren eta bizipenen benetako funtsa inolako apaingarri edota fikziozko pintzelkadarik gabe islatzeko”, adierazi du Jon Iraolak, Zumaiako Kultur saileko zinegotziak.

Marik Zumaia zein Donostian izan zuen garrantzia aintzat hartuz, beraz, elkarlanean garatu dute bi udalerriek aipatu egitasmoa. “Mariren istorioak nire haurtzaroaren parte izan dira, betidanik entzun baitut haren inguruko pasadizoak. Orain, guri dagokigu Mari bezalako pertsona baten bizipenen testigantza eta balioa belaunaldiz belaunaldi pasatzea, haren eskuzabaltasuna eta ekintzak gogoan izaten jarraitu ditzagun beti, eta hori da, hain zuzen, liburu honen xedea”, azaldu du Miren Azkaratek, Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak.

Javier Carballo eta Xabier Alberdi izan dira Jose Mari Zubia “MARI” izeneko liburuaren idazleak eta haien hitzetan, “dokumentazioa biltzea izan zen egitasmo honen erronka nagusietako bat”. Lehenik eta behin Mariri buruz idatzita dauden idazlanak ikertu zituzten eta ondoren, hainbat udal eta erakunde publikoetako artxiboak miatu zituzten informazio bila: Zumaia, Donostia eta Pasaiako udal artxiboak, Gipuzkoako faroetako dokumentuak, Tolosan dagoen Gipuzkoako Agiritegi Orokorra, Oñatin kokatutako Gipuzkoako Protokoloren Agiritegi Orokorra edota Donostiako Elizbarrutiko artxibo historikoa. “Orokorrean emaitzak nahiko urriak izan diren arren, Mariren inguruan urtetan idatzi direnak zehaztu eta zuzentzeko balio izan digu ikerketa lan horrek, eta hori izan da, hain zuzen, gure helburua, Mariren benetako istorioak eta mitoak bereizi eta egia zabaltzea, alegia”, azaldu dute idazleek.  

Amaitzeko,  mitoak diren hainbat pasarte gogora ekarri eta horien benetako egia azaldu dute idazleek aurkezpenean “Liburuak, eskuratutako emaitza horiek guztiak biltzen ditu, Mariren irudiak gaur arte bizirik iraun badu, lerro horien bitartez horrela izaten jarraitu dezan, gutxienez, beste 150 urtetan gehiago”, gehitu dute idazleek.

Aipatu liburua Zumaian aurkeztuko da datorren hilaren 19an, idazleen solasaldiaz lagunduta eta horren ondoren, salgai egongo da, 12€tan, Zumaiako Kultur Etxean, turismo bulegoan edota Donostiako Untzi Museoan. 2018tik aurrera, liburu dendetan ere erosi ahal izango da.