Olarro Eguneko batel estropadan izena emateko epea astelehenean zabalduko da

2015/08/28

Aurtengo estropadan batel guztiak kategoria bakarrean lehiatuko dira. Estropadan parte hartzeko gutxieneko adina 13 urte (aurten betetzen dituztenak) izango da. Astelehenetik irailaren 16a bitartean eman ahal izango da izena Turismo bulegoan.

 

Parte hartzeko baldintzak:

  1. Estropadak goizez bakarrik izango dira, 11:00ean etan hasi eta 13:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango.
  2. Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kairaino joan-etorria izango da.
  3. Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.
  4. Talde bakoitza 4 pertsonak osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.
  5. Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da 4tik 2 zumaiarrak izatea.
  6. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta bere telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.
  7. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.
  8. Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da.  Parte-hartzaileen artean afari bat zozketatuko da. Sari banaketa kofradian izango da.
  9. Izen-ematea turismo bulegoan egingo da abuztuaren 31etik irailaren 16a bitartean, eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromezua eskatzen da.
  10.  Lasuna batela entrenamenduetarako behar dutenek turismo bulegoan egin behar dute eskaera. Entrenamenduan, txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak, ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.
  11. Batel estropada egunean nahi duenak Itsas kiroldegiko aldagelak erabili ditzake.
  12. 12.  Zozketa egiteko bilera irailaren 17an 19:30ean izango da. Ezinbestekoa da talde bakoitzetik arduradun bat joatea.