PuntuEUS domeinua: abizen egokiaren garrantzia

2015/02/26

2007an hasitako ekimen baten ondorioz, 2014an lortu zen PuntuEUS domeinua izatea. Lehenengo mailako domeinua dela esanez hasi zuen Josu Waliño zumaiarrak herenegun Alondegia kultur etxean eman zuen hitzaldia. Horrek esan nahi du puntuCOM domeinu baten balio berbera duela, eta besteen mailan kokatzen gaituela.

PuntuEUSen beste bereizgarri bat da domeinu kutlurala dela, ez dela geografikoa (PuntuFR Frantziarako den bezala, esate baterako). Hori horrela izanik, puntuEUS domeinua izateko bi baldintza bete behar dira: webguneko edukiren batek euskaraz izan behar du, edo,  euskaraz ezer ez badago, euskarari edo euskal kulturari buruz aritu behar du, betiere modu inklusiboan ulertuta. Izan ere, asmoa ez da inor baztertzea eta norbaitek bere burua puntuEUS domeinuaren barruan kokatuta ikusten badu, ongietorria da beti.

 

Waliñok azaldu zuen, hala ere, fundazioaren zeregin nagusia ez dela domeinuak saltzea, domeinuak kudeatzea eta puntuEUS domeinuaren zabalkundea egitea baizik. Izan ere, puntuEUS ez da helburua bere horretan, tresna bat da, gure kultura munduan zabaltzeko tresna, hain zuzen ere.

 

Amaitzeko, behatokia sortuko dutela iragarri zuen Josuk, izan ere, 3.000 domeinu saldu dituzte baina hori asko edo gutxi den jakiteko zenbait datu falta dira: zenbat jendek nabigatzen duen euskaraz interneten, zenbat webgune dauden euskaraz, zenbat puntuCOM, puntuNET dauden Euskal Herrian… Horrekin guztiarekin egoera errealaren argazki zehatza eduki ahal izateko.