Urola Kostako Euskararen lehen Ginkana aurkeztu du Udal Elkarteak

2017/10/03

Euskararen Ginkana ekimena Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako DBH 3 eta 4. mailako ikasleei (15-16 urte) zuzendutako lehiaketa izango da, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko aukera, alegia. Izen-ematea zabalik egongo da urriaren 3tik 19ra arte.

Gaur goizean aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak "Euskararen Ginkana" ekimenaren lehen edizioa. Bertan izan dira, batetik, Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko ordezkaria; bestetik, bailarako udaletako ordezkariak eta teknikariak (Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Ixidor Larrañaga Zarauzko zinegotzia, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, gazteria teknikariak, gaztelekuetako hezitzaileak eta euskara teknikariak) eta Orioko gazteak, Ginkanari ekiteko irrikan daudenak.

Aipatu ekimena, hainbat erakunderen artean antolatutako iniziatiba da (Kutxa Ekogunea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako Gaztelekuak eta Euskara Zerbitzuak, Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea) eta helburu du 15-16 urteko gazteei euskararekin eta euskaraz dibertitzeko aukera berri bat eskaintzea.

Gure bailaran gazteek eskolan euskaraz ikasten dute eta euskarari buruzko gaiak ere lantzen dituzte. Baina, eskola, eskola da. Horrexegatik, ekimen horren bitartez, euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi die Udal Elkarteak, oraingo honetan, lehian eta jolasean. Horretarako, bost herrietako gazteak jarri nahi ditu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik.

 

Euskararen Ginkana

Kutxa Ekoguneak 2011n antolatu zuen lehenengoz Euskal Herriko euskararen ginkana, euskaraz eta euskararekin jolas egiteko ekimena. Aurten, ginkana gure bailarara ekarri nahi izan du Mankomunitateak eta bide horretan, Urola Kostako Euskararen Ginkanaren 1. edizioa antolatu du. 

 

Urola Kostako ginkana, 1. edizioa

Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek. Urola Kostako Euskararen Ginkana I. edizio honetan mundu mailako begiradatik, Urola Kosta eskualdeko begirada eta praktiketara egingo da salto.

 

Taldeak, probak eta finala

Ginkana taldeka jokatuko da (4ko taldeak). 4 proba egin beharko dira on-line (astean bat) eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute Zarautzen, aurrez aurre, abenduaren 2an.

Finala Zarauzko Gaztelekuan izango da, esan bezala, arratsaldeko 17:00etan. Sariei dagokienez, talde finalistetako kide bakoitzak 50,00 euroko erosketa bonoa eskuratuko du, bailarako establezimenduetan erabiltzeko. Talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100,00 euroko erosketa bono bana.

Finalaren ondoren festa egingo da, bailarako gaztelekuetako gazteentzat (DJa, musika, askaria…).

 

Partehartzaileak eta izen-ematea

Izena on-line eman behar da. Ondoko webgunean daude argibideak, oinarriak, izena emateko esteka eta gainerako xehetasun guztiak:

http://www.euskararenginkana.eus/eu/ginkanak/urola-kostako-euskararen-ginkana-1-edizioa/gi-36/

4 laguneko taldeak osatzeko edo argibideak jasotzeko Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako gaztelekuetara jo dezakezue. Izen-ematea urriaren 3tik 19ra.

Antolatzaileak: Kutxa Ekogunea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalak (Gaztelekuak eta Euskara Zerbitzuak), Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea.