Urriaren 2an zabalduko da ludotekan izena emateko epea

2017/09/26

Izen-ematea zabalik egongo da hilaren 9a arte eta behin epe hori amaitzean, apuntatu direnen artean zozketa egingo da. Halaber, irailaren 28an gurasoen bilera egingo da ludotekan zerbitzuaren berri eman eta izen-emate prozesua nola egingo den azaltzeko. Eskaera orriak bileran bertan banatuko dira.

Zumaiako Ludoteka prest da ikasturte berriari ekiteko eta bide horretan hilaren 2tik 9ra bitartean zabalduko du izena emateko epea.

Ludoteka 6-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Ez da eskola, baina jostailu eta jolasaren bidez haurraren nortasuna garatzea helburu duen zerbitzua da eta umeek zuzeneko arreta jasotzen duten lekua.

Bertan, eguneroko ekintza gidatuak, irteerak edota festak egiten dira haurrekin eta 10-12 urte bitartekoentzat programa berezi bat ere eskaintzen da, LudoKeta izenekoa, hilabetean bi ostiraletan 19:30-20:30 bitartean. Horrez gain familia irteerak, jostailu erakusketak eta ekintza gehiago ere antolatzen dira haurrak gurasoekin ere denbora hori partekatu dezaten.

 

Izen-ematea

Esan bezala, izena emateko epea zabalik egongo da hilaren 2tik 9ra bitartean eta epe hori amaitzean, ikasturte hasieran haur guztiek aukera berdinak izan ditzaten, egun aukeraketarako zozketa egingo da.

    Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era

Ikasturteko kuotak:

  • Ludoteka: 48€
  • Familia ugarien kasuan: 32,50€
  • Ludoketa (10-12 urte): 12€
  • DBE-GLL onuradunak:  ordainketa salbuetsita

Diru sarrera egiteko kontu zenbakia: KUTXA ES30 2095 5174 91 1061601620

OHARRA: Ludotekako kuota ordaintzen duten LH4-6 (10-12 urte) bitarteko haurrek ez dute LudoKetakoa ordaindu behar.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

-          Izena emateko orria beteta

-          Ordainagiria

-          Familia ugarien eta/edo DBE-GLL agiria beharrezkoa bada

-          2 argazki (berriak direnek)

Halaber, izen emateak irauten duen bitartean (hilaren 2tik 9ra), ateak irekita izango dituzte gurasoek Ludoteka bisitatu eta bertako azpiegitura zein instalazioak ezagutzeko, ohiko ordutegian, 17:00etatik 19:30era.

Informazio gehiago jasotzeko: Zumaiako Ludoteka - 943 14 32 64 / ludoteka@zumaia.eus

 

Guraso bilera

Dena den, ludotekaren berri eman eta izen-emate prozesua nolakoa izango den azaltzeko bilera egingo da gurasoekin, hilaren 28an, ludotekan bertan.

Bi saio eskainiko dira, 19:00etan lehena, euskaraz eta 19:30ean, bigarrena, gazteleraz. Izena emateko orriak bileran bertan banatuko dira.