ZUHAITZ EGUNA OSPATUKO DU ZUMAIAK DATORREN LARUNBATEAN

2017/03/13

Zerynthia Tximeleta Elkartearekin elkarlanean, 40 zumar landatuko dira Forondako lur sailetan W-Zuria tximeleta espeziea babestu eta honen hazkundea bultzatzeko.

Datorren larunbatean, hilak 18, Zuhaitz Eguna ospatuko du Zumaiak. Aurten zuhaitz landaketa Forondako lur sailetan egingo da, non, guztira 40 zumar landatuko diren W-Zuria tximeleta espeziea babestu eta honen hazkundea bultzatzeko. Horietatik 20 ale Nekazaritza Ministerioak emandakoak dira eta beste 20ak Foru Aldundiak eskainitakoak.  

Aipatutako tximeleta beldarra den bitartean zumarrez soilik elikatzen da. 70. hamarkadaz geroztik, ordea, zuhaitz mota hori gaixotasun bat pairatzen ari da eta ondorioz, W-Zuria espeziearen kopurua nabarmen gutxitu da Europa mailan. 

Hori dela eta, Zerynthia Tximeleta Elkarteak espeziearen hazkundea bultzatzeko garatu duen proiektuarekin bat egin du Udalak eta aurtengo Zuhaitz Eguna espezie horren babesa indartuko duen zuhaitzak landatzera zuzendu du, helburu bikoitza betez: tximeletaren hazkundean laguntzea batetik eta zumar osasuntsuak hazteko habitata berreskuratu eta hobetzea, bestetik.

Zuhaitz Eguneko egitaraua

Goizeko 10:30ean emango zaio hasiera Zuhaitz Eguneko ekintza egitarauari. Landaketan parte hartu nahi duten herritarrak Algorri Interpretazio Zentroan elkartuko dira eta bertan, Zerynthia Tximeleta Elkarteko kideek proiektuaren inguruko azalpenak emango dituzte. Ondoren, Foronda Jauregirantz joango dira guztiak oinez eta 11:30ean zumarren landaketari ekingo diote. 12:30ean mokadutxoa emango zaie parte hartzaile landaketa eremuan bertan eta 13:00etarako amaitutzat emango da eguneko egitaraua.