Zumaiako erromesen aterpetxea ekainaren 1ean irekiko da

2016/05/25

- San Jose komentua, pelegrinentzat ostatu bilakatuko da irailaren 30era bitarte eta erromesek, borondatearen truke lo egin ahal izango dute bertan - Ildo honetatik, Udaletik adierazi dute, herriko turismoa indartzeko hainbat ekimen sustatuko dituztela, Zumaia, herri erakargarria izan dadin eta etorkizunera begira, turismoa, dibertsifikazio ekonomikorako aukera bihurtu dadin

Udararo bezala, Zumaiak, Gipuzkoako kostako Donejakue bidearen baitan egonik, ostatua eskaintzen die herritik igarotzen diren erromesei. Horiek horrela, ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte, San Jose komentuko aterpetxeak bere ateak zabalduko ditu, udalerritik pasatzen diren pelegrinen ostatu bilakatuz.  

Aurten, aldaketa bat egon da aterpetxeko kudeaketan eta oraingoan, Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen elkartea izango da honen arduradun berria. Elkarte hau, bolondresez osatutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, beraz, kudeaketa guztiz doakoa izango da eta eredu berri honekin, hiru hilabete honetan Zumaiatik pasatzen diren erromesek, borontadezko dohaintza truke lo egin ahal izango dute Komentuko aterpetxean. Ordutegia 15:00tik 22:00tara bitarte izango da eta gehienez 25 pelegrin ostatatu ahal izango dira eguneko. Gordailuetatik ateratako herena, elkarteak, Zumaiako Caritas-i emango dio eta gainontzekoa, aterpetxeko gastuak (argindarra, ura, gasa, mantenua, etab.) ordaintzeko erabiliko dira.

Zumaiako udalak adierazi du, kudeaketa eredu berri honi eutsi nahi izan diola, elkarte honek, Donejakue bidea eta erromesen bidaiatzeko filosofia eta beharrak ondo ezagutzeaz gain, helburu duelako Gipuzkoa zeharkatzen duten kostako zein barnealdeko bideak berreskuratzea eta indartzea. Iaz, Unescok munduko ondare gisa izendatu zuen kostaldeko bidea, honen aldeko interes publikoa areagotuz. Hori dela eta, gero eta erromes gehiago animatzen dira bide hau zeharkatzera eta datozen urteetan, pelegrin kopurua etengabe hazten joatea espero da. Horregatik,  Zumaia, kostako bidearen baitan dagoela kontutan izanik eta erromesen goradaka aurreikusita dagoela aintzat hartuta, Udalak ezinbestekotzat jo du pelegrinen deskantsurako azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaintzea.

Amaitzeko, udaletik adierazi dute, Zumaiako turismoa indartzeko eta bultzatzeko beste hainbat ekimen garatzen eta sustatzen jarraituko dutela. Udal gobernuak helburu du turismoa, dibertsifikazio ekonomikorako aukera izatea, modu honetara, etorkizunera begira, turismoaren bitartez, Zumaian lan eta negozio aukera berriak eskaini ahal izateko eta aldi berean, gure udalerria, aukeraz betetako herri atsegin eta erakargarria bilakatzeko.