ZUMAIAKO ESKOLA BIDEAK PROIEKTUAREN LEHEN PROBA PILOTUA EGINGO DA EKAINAREN 19TIK 23RA

2017/06/09

Proiektu honetarako herriko auzo eta guneetatik Zumaiako bi ikastetxeetara doazen bost ibilbide nagusi prestatu dituzte antolatzaileek. Bidean zehar hainbat geraleku egongo dira, bakoitza bere ordutegiarekin, eta horrela, ikasleak geraleku horietan batuko dira taldera.

 Aste honetan herriko HH eta LHko ikasle guztiek ordutegi berak dituztenez, denek, gaztetxo, txiki eta zaintzaileek, bidea batera probatzeko aukera izango dute. Ekimenaren helburua ikasleak eskolara era aktibo eta autonomoan joatea da, taldeetan eta modu seguruan. Ohitura osasungarriak bultzatzeaz gain, autoek eskola inguruetan sortu ditzaketen arrisku egoerak saihestu nahi dira horrela.

Ekimenak ikasleen mugikortasun autonomoa bultzatu nahi badu ere, haur txikiagoen zaintzaileak ere bertan parte-hartzera animatu nahi dira. Ikasle txiki horiek ere bidea bera egitera eta taldean joatera ohitu daitezen.

Aurrez, ekainaren 17an, bizikleta eguneko egitarauaren barnean, bidea bera ezagutzeko aukera egongo da, geltokiak non dauden ikusi eta astelehen horretan bertan hasiko den proba hasterako bidea markatuko da, bizikletaz egingo den ibilaldi gidatu batean.

Datorren ikasturtearen hasieran bigarren proba pilotua egingo da, egitasmoaren berri ematen jarraitzeko eta bidean egon daitezkeen oztopoak identifikatzeko. Proba pilotuetatik egindako balorazioak kontutan izango dira proiektua hobetu eta aberasteko. Horretarako, zalantzak argitu edota iradokizunak jasotzeko hurrengo helbidea sortu dute ekintzaileek: zumaiakoeskolabideak@gmail.com. Ikastetxeetako webguneetan ere proiektuari eta ibilbideei buruzko informazioa aurkitu daiteke.

Ordutegiak eta Geltokiak:

  • Ondartxo Plaza 8:40
  • Saregileen Plaza 8:42
  • Angeles Sorazu, 2 8:44
  • Aita Mari, 41 8:49
  • Aita Mari, 17 8:52
  • Autobus Geltokia (Txomin Agirre) 8:47
  • Axular Ibiltokia, 10 8:47
  • Estazioko Kalea, 11 8:48
  • Puntanueta 8:48