ZUMAIAN ZABALDUKO DEN SUPERMERKATU BERRIAN LAN EGITEKO ELKARRIZKETAK OSTEGUNEAN EGINGO DIRA ENPLEGU BULEGOAN

2017/03/14

Hautespen prozesua arintze aldera, curriculumak jasotzean gain, egun berean lan elkarrizketak ere egingo direla jakinarazi du Udalak. 10 lanpostu berri inguru eskainiko dira kutxazain, apal-betetzaile eta arrain zein haragi saltzaile lanak betetzeko.

Jada asteburuan iragarri bezala, datorren ostegunean, hilak 16, Enplegu Zentroaren irekiera eguna aprobetxatuz, datozen hilabeteotan Ardantzabiden zabalduko den supermerkatu berrian lan egiteko interesa dutenen curriculumak jasoko dira Enplegu Zentroan, Beheko plazako Jubilatuen egoitzaren lehen solairuan, hain zuzen.

Horren harira, curriculumak jasotzeaz gain, enpresa arduradunak, hautespen prozesua arintze aldera, lan elkarrizketak egunean bertan egingo dituela jakinarazi du Udalak.  Eskaintzen diren lanpostuen artean kutxazain, apal-betetzaile eta arrain zein haragi saltzaile lanak betetzeko pertsonala kontratatuko du enpresak. Guztira 10 lanpostu berri inguru izango dira.

Horiek horrela, ostegunean, goizeko 09:00etatik 13:00etara, interesa duen orok Enplegu Zentroan bertan entregatu ahal izango diete hautespen prozesuko arduradunei haien curriculuma. Ondoren, eskaintzen diren lanpostuen ezaugarri eta irizpide zehatzei erreparatuz haiek baloratuko dute nor elkarrizketatu.

Dena den, Udalak jakinarazi du egunean bertan egongo direla ikusgai bulegoko paneletan postu bakoitzeko oinarri eta irizpideak. Ildo horretatik, arrain zein haragi saltzaile postuak betetzeko, enpresa arduradunak lan esperientzia eskatuko duela aurreratu du, ez, ordea, kutxazain edo apal-betetzaile gisa lan egiteko.

Ekimen horren bitartez Udalaren helburua da herriko enplegua bultzatu eta indartzea horretarako dituen baliabideak herritarren eskura jarriz  eta zumaiarrei lan aukera berriak eskainiz.